|
 |
|
Arratsaldeon; ongietorri. Neretzat, PSE-PSOE-EE taldeko bozeramaile legez, pozgarria da Juan San Martin herriko seme kutun izendatzea, baina, aldi berean, pena ere sentitzen dugu, bera betiko joan izanak denoi ematen digun pena. Baina haren izpiritua, eibartar bihargin zintzo baten izpiritua, hemen daukagu, gure artean, guri begira.
Juan San Martín eibartarra zen jaiotzez baina baita bihotzez ere. Bere jaioterrian lan handia egin zuen, baina bere lan mardul guztiaren ondoan, akaso bere herrian egin zuena ahaztuxea geratu da, gizatasunezko lana egin zuen, elkartasunekoa, gizarte-lana, bere sustraiekin barne-barnetik lotutakoa, behar hura aipatu gabe ezinezkoa dateke gaurko omenduaren benetako balioa ulertzea.
Juanito Danok bat kooperatibako sortzaileetariko baten semea zen, eskopetagintzaren alorrean sortu zen lehenengo kooperatiba; liberalismo eibartarraren iturritik edan zuen eta begirunean eta errespetuan hezia izan zen. Toribio Etxeberria Eibarko EAJeko buru izan zen Edorta Alberdiren eskutik ezagutu zuen. Juan San Martini miresmen handia sortzen zion ideologia ezberdinen arteko pertsonen artean zegoen hartu eman bero hark, eta bere bizitzan zehar, miresmen hori bizitzeko modu bihurtu zuen, gauzak etika izugarriarekin aztertzen zituen.
Klub Deportiboko kide gerra aurretik, 1943. Urtean beste kide batzuekin eskalada batzordea eta goi-mendi batzordea sortu zuen; 1949. Urtean Mendi batzordeburu izendatu zuten, Arantzadi taldearen eta Klubaren arteko hartu emana sendotu zuen, espeleologia sustatu. Zenbat iturri berri inauguratu ote zituzten Juanitok eta Klub Deportiboko bere lagunek sasoi hartan! Kontaezinak. Mendiko errefugioak Eibarren bertan... hor segitzen dute oraindik, Arraterako bidean, Kalamuako bidean.
1957an batzorde artistiko kulturala sortu zuen eta han ekin zion hitzaldiak, erakusketak, euskara klaseak, esperanto klaseak antolatzeari...Bai hala da: esperanto klaseak ematen ziren orduan Santi Arizmendiarrietaren gidaritzapean: tokiko gertakizunetik abiatuta unibertsalitatea maite zuen belaunaldi baten isla. Ordurako, 51n Klubaren buletinean idazten zuen, buletinaren zuzendari izan zen 58tik 61era, gauza txikien artikuluegile aparta. Klub Deportiboaren presidente 62-63an nekaezina zen haren jarduna. Ezerk ez zion ihes egiten: eskalatzea eta mendian gora ibiltzea maite zuen benetan, espeleologo handia zen, arte herrikoia ?artea, letra larritan- bere kutunetako bat zen. Berari esker ezagutu ditugu eibartarrok gauza historiko batzuen balioa, gure hiriaren historia. ?Las primeras noticias de la villa de Eibar?, ?El San Pedro romanico de Eibar?, ?El camino de Santiago que pasaba por Eibar? edo ?Eibarko baserriak? esanguratsuak dira, derrigorrezko irakurgaiak eibartar guztientzat.
Eskertu egin behar diogu baita gure kantu herrikoiak batu izana, hainbeste maite zuen Arrateko kantutegi zaharra biltzea: Handitxik gora dago zerura bidia... gaur hain ezaguna zaigun "Armeruen kantua", seaska kantak....Gure herriko pertsonai handiak ere gogora ekarri zizkigun: Carlos Elgezua, Ibargutxi, Zuluaga.
1959an antolatu zuen Mogelen aldeko omenaldia, eibartarra bera eta ekitaldi batzuk Untzaga plazan antolatu ziren, umeentzako euskazko erredakzio txapelketa esate baterako. Eta 1959az dihardugu berbetan, orduan oraindik jaio gabe geundenontzat, garai iluna. Gerra osteko Gipuzkoako lehen bertsolari txapelketa Juanitok antolatu zuen Eibarren, Amaia antzokian. Gaur, zorionez, bertsolaritza modan dago gazte jendearen artean, baina sasoi hartan bertsolari txapelketa bat antolatzea ez zen ez gauza erraza.
Gipuzkoako lehenengo ikastola ?Donostiakoaren ondoren- Eibarren sortu zen 59an, Juan San Martin eta eibartar talde txiki batek bultzatuta, Javier Eguren orduko alkatearen laguntzaz.
Asko dugu belaunaldi horretatik ikasteko, Juanitoren belaunaldikoetatik. Klandestinidadearekin bizitzeko gai izan ziren eta probetxu atera zioten egoera hari: zentsurak eta une txarrak buruz jokatuta gainditzen ikasi zituzten.
Eibartarrok zorretan gaude San Martinekin: hiri bezala gure historiaren ezaguera diogu zor; bere jaioterriari zion maitasuna zor diogu. Zorra kitatzeko modurik egokiena herriaren aitorpen hau da, baina batik bat, hura zein zen eta zer izan zen gazteen artean hedatzea.
Eibarren jaio ez bazen litekeena da Juanito zen bezalakoa ez izatea, baina gauza ziurra dena da Eibar ez zela Eibar izango Juanito barik.
Mila esker Juanito.
|
 |