Eibar kultura ondarea historia  > Eibar, Izena eta Izana  > Juan San Martin herriko seme kutun  > Herriko seme kutun  > Eli Gomez (EB-IU)




















Eli Gomez (EB-IU)
  









































































































 

JUAN SAN MARTINEN GIZATASUNAZ

Juan San Martinek zituen bertute guztien artean, nik, hemen, haren gizatasuna da azpimarratu nahi dudana. Haren ardura edo kezka sozial batzuk ekarri nahi ditut gogora, Euskal Herriko Autonomia Erkidegoko lehen Arartekoa izan zen sasoian egin zituen txosten monografiko batzuen edukietan islatzen diren kezkak eta ardurak.

Bitxia bada ere, bere lehenengo txostena ziegen ingurukoa izan zen, udal ziegak eta Ertzaintzaren ziegak edo atxiloketa-lekuak zituen hizpide eta mintzagai txosten hark. Aldez aurretik inori abisurik pasatzeke, bera joaten zen ziegak ikustera. Ondoren, horri buruzko txosten monografiko bat egin zuen, berak hitzaurrean dioen moduan, gizakiaren duintasunari berari eragiten dioten gai batzuetan sakondu nahian. Txosten hori helburu jakin batekin dago eginda: atxilotuei ematen zaien tratuaren inguruko hausnarketa piztea; ziegek edo atxiloketa-leku horiek justiziaren eta berdintasunaren printzipioei erantzun behar dietela adieraztea.

Bazekin jakin bera Arartekoa izanda ahotsik ez zuten guztien ahots izan behar zuena, eta horregatik jardun zuen ofizioz, hau da: partikularrek aurrez kexarik aurkeztu ez arren, berak hartzen zuen bere gain inolako babesik ez zuten kolektibo haien alde egiteko zeregina edo beharra.

Hartara, ospitale psikiatrikoetan zeuden gaixoen egoera zein zen jakiteko ikuskaritza zehatz bat egin zuen. Txosten horren hitzaurrean berak dioen moduan, lan horrek gogora ekarri zion gaztaroan euskarara itzuli zuen Tomas Meaberen Paraboletako "Ez dagoenaren ereilea", eta "dohatsuak beren eroaldian baketsu agertzen diren haiek!" hausnarketara eraman zuen. Txosten hartatik aurrera, txosten hari esker, gure psikiatrikoen egoerak hartu zuen hoberako joera azpimarratu nahiko nuke.

Beraien eskubideak urratuak izateko arrisku handia zuen gizatalde batengan ere pausatu zituen bere begiak Juan San Martin Arartekoak: nagusiengan. Horrela, Euskal Herriko Autonomia Erkidegoaren aiton-amonen egoitzetan nagusien eskubideak zein modutan zeuden ikertu eta egoera horri buruzko txostena egin zuen, pertsona nagusien inguruko politiketan modu erangikorragoa eta berretzaileagoa lortzeko gomendioak emanda.

Badakit demasekoa izan dela Juan San Martinek egindako beharra, baina aipatu ditudan lan horiei darien gizatasun sakon hori azpimarratu nahi izan dut, egin ziren une hartan aurrerakoiak izan baitziren; eta eibartarrok, nola ez, benetan harro gaude hark egindako lanarekin.

Giza-eskubideen alde egin duen beharrari begiratzen badiogu, mundu-ikuskera zabala duen jakintsua dugula ohartzen gara. Eibartar unibertsal horri beti aitortu zaion gizatasunak eraman zuen Ombudsmanen Institutu Europarraren buru izatera 94-95ean, eta bere jardun osoa jende osoarekiko zuen ardurak gidatu zuen; hortaz, bere lanak, erreferentziazko lanak dira mundu berri aske, baketsu eta elkartu batean sinesten dugunontzat, bizi dugun mundu honetan hiritar gertuagoak eta konprometituagoak izatea nahi dugunontzat.



Edukien gaineko eskubideak
Castellano Euskaraz