Eibar kultura ondarea historia  > Eibar, Izena eta Izana  > Juan San Martin herriko seme kutun  > Herriko seme kutun  > Antxon Narbaiza (ekimenaren bultzatzailea)




















Antxon Narbaiza (ekimenaren bultzatzailea)
  









































































































 

JUAN SAN MARTIN. SEME KUTUN IZENDATZEA

Eibarko euskaltzaleen izenean agurtu nahi zaituztet omenaldi gogoangarri honetara bildu, eta, batez ere, zuen sinadurarekin ekitaldi hau bideratzen lagundu duzuen guztiok. Ohore handia zaigu bada, Juan San Martinen, gure Juanitoren, Hiriko seme kutun izendatze ospakizun honetan parte hartzea.

Hementxe ezagutu dugu Juanito ikertzailea, idazlea, pentsalaria. Eibarko bihotzean, Mekolan, udaletxe honetatik gertu. Eibartar bezala harrotasun apur batekin Euskal Herriaren historia hurbilean zeresanik izan duen Untzaga enblematiko honetatik gertu.

Eta gure omenduaren hitzen hotsa datorkigu: "Nere gazte-gaztetandiko mendia maitatzea ez zen kasualitate hutsa. Gure orografiak laguntzen zigun horretan, gora begiratu beharra?; baina begiratze hark, diot nik orain, ez zen zentzu fisiko soilean bakarrik bete. Izan ere maitasun hark zabalagoa, osotuagoa behar zuen izan.

Horregatik Euskal letren baranoan, geografia fisikoaren hurbilketari ene sentimenduen geografia gehitu zitzaion osagarri. Eta mendiak, oroitarriak, baselizak mugitzen ikusten banituen historiaren harian, neronek gehitzen nion sentimenduen geografia hartan olerkariak, literaturgileak, oro har, eleberri edo saiakeragileak aurkitzen nituen: euskaltzaleak beti. Eta haien kezkak maiz nere eginez euskal letrek behar zutenaz mintzo ginen. Eta denboraren uholdea iritsi zitzaidanerako bideraturik ikusten nuen gure hitzen mundu zinez hunkigarria. Euskarak bazuen irizpiderik, han-hemenka ezartzen zitzaizkion, zaizkion behaztopen gainetik. Zergatik gure jakin nahiari mugak ezarri? Ez al dut gizaki naizen aldetik mundua ulertu ahal izateko eskubiderik?

Eta nire betiko adiskideak agurtzera kalera atera naiz aspaldiko partez. Eta bideari ekin diot. Baina hara orduko etxepeko lorategian, bizarzuri, sasi-olentzero bailitzen Unamunoko Migel aurkitu dut. On Bizente Agirreren etxetik dator, eibartar liberal handiarekin solastatu omen da. Baina harritu egin nau; kalkulagailu moderno bat eskuan baitihardu. "Euskarak zenbat urte gehiago iraun dezakeen kontuak ateratzen nabil, bada ezpada bi mendetarako egiten dudan kalkulua da", erantsi dit ondoren, tinko, bekainik mugitu barik.

Kale kantoira jaitsi eta Gabriel agurtu dut. Arestikoa. Bere olerki lanek egun duten ia aho batezko goraipamenaz jardun dugu. Orduan, irribarre maliziosoa jaurti dit eta, harriturik edo, garai katramilotsuak gogoan, españolistarik ez al da geratzen? egotzi dit.

Denbora gelditzen jarraitzen dut. Villasante eta Mitxelena ikusten ditut egungo euskara batuaren norabidea eztabaidagai. Euren solasaldia eten eta errenteriarrak Eibarko euskara sotilaren ñabardurek nola harritzen duten aitortu dit.

Baina olerkariaren hotsa nagusitzen ari zait berriro. Eta Gandiaga Arantzazukoaren ahots leuna entzuten dut. Euskaldun askoren egungo jarreraz aritu gara. Xuxurla bezala isuri zait. "Euskaldunak dirua egin egiten du, baina euskararik ez"

Eta ene Parnasorako bidean aurrera dagit. Arestiko Arestik aspaldiko lagun zaharrarengana eraman nau: Blas Oterokoarengana. Itzalak kontatzen ari da, begitartea irmo, silueta egokienaren bila, nonbait.

Ímpetus nuevos nacerán, más altos.
Llegaré por mis pies -¿para qué os quiero?-
a la patria del hombre: al cielo raso
de sombras ésas y de sueños ésos.

Aurrerago, zizailu epelean, eguzkitik ihes, beste Gabriel hark, Zelaiakoak, adats txuria bideratuz, honela diost erromantzean: "Ay Euskalerria cuántos caminos recorrí para volver a la paz de tu así".

Eta erromantzearen hurbil dabilen beste mintzaira hura dantzut harantzago: Homes de pau, bake gizon bila dabilen Espriu zaharra da, eta ez du nonbait eginkizun erraza. Harantzago Bertold Brecht dakusat. Betaurrekoak garbitzen ari da. Egungo mundua lauso samar dakusa.

Eta olerkariari saiakerak hartu dio leku. Eta Azurmendiko Joxerekin eleztatu eta euskalduna zertako betiereko galderari, zertako-ak zergati-en aurretik hobetsi behar ditugula aitortu diot.

Tematia naizela esaten didate. Beti antzera erantzuten baitut gure ajeen inguruan. Ez. Ez da beti fede kontua gurea. Ez hori soilik behintzat. Nahiago dut: lana, lana eta lana. Izan ere, sor dugu ekimena gure herrian.

Harriak, aztarna ororen ikerzale izan zintugun, aztarna haiek baina herri baten bizi aztarna, lekuko bizi izango zirelakoan. Inoiz ez lekuko soilak. Duela 50 urte Toribiok, gure Toribiok ezin garbiago ikusi zuen bezala, zuri eskaini zizkizun ?Stonenhengenko zabalian? deitu zituen bertsoetan: ?Bestek, esaten zuen Etxebarriak, harriak dituzte agian askoz miresgarriagoak, baina ónen arri-aundixak ikaratzen daben letz mundu guztia, guri gelditu jaku, ordez, itz esan-gura aundiz betia, zorioneko zorionez, asko maite dogun euskeria?.

Agur eta ohore Juanito, bide-gidari, bide-lagun, eibartarron eran esanda, zure norabidean benetalarixa izan zaitugulako. Nork ez luke barnea lasai, zuk emandakoaren laurdenarekin!

Nire begiak Ari zait pentsamendua lausotzen
ez dut nere antzinabidea lehengoa.
Sor ditut aldakak eta zango hezurrak.
Baina ene begiek hortxe daramatzat
ene baitan, zure baitan, islatzen.
Haien begirada zolia nahi nuke
nik gaur nireganatu, zuenganatu.
Begi-niñi hauek diostate une batez,
-une azkar batez- zenbat bizi izan dudan.
Zeinen sakon maite
munduan izan den oro ederreko
Eta orain barruak diost:
Kultur basamortua huen Euskal Herria
baina haizerik mendrenak
su pindar ahulena ere
hauspotu lezake
Horregatik menditar naizen honek
Urko eta Kalamua
Jaizkibel eta Higer,
aise ditut uztartzen eta
Kantauri betikoari so
lasai, ene kadira goxoan,
dut ilunabar oro
lekua hartzen astiro
Itsasargi-bristadak
Kontatuaz biziro

Antxon Narbaiza, hitzok irakurtzen




Edukien gaineko eskubideak
Castellano Euskaraz