Eibar kultura ondarea historia  > Eibar, Izena eta Izana  > Juan San Martin herriko seme kutun  > Herriko seme kutun  > Andres Urrutia (Euskaltzaindia)




















Andres Urrutia (Euskaltzaindia)
  









































































































 

Eibartarrak,
Agintariak,
Euskaltzainak,
Jaun-andreok,

Hitz laburretan eman beharko banitu Juna San Martinen xehetasunak, zalantzarik gabe aukeratuko nuke berak Euskaltzaindian, eta, oro har, euskalgintzaren barruan egin zuen lana.

Eragile izan zela inork ez du ukatuko. Eragiletza horren fruituak ugariak izan zirela ere, dudabakoa. Hamaika liburu, artikulu, hitzaldi eta abarrekoak dira horren lekuko.

Juan San Martin, alabaina, besterik ere izan zen. Gerra ondoko belaunaldietakoa genuen, euskararentzat urte latzak bizi behar izan zituena, eta, laguntza eta baliabide zeharo urriak zituela, euskararentzat ia-ia deus gabe, orduko belaunaldiaren lekukotza hartu eta euskararentzat esparru instituzionala sortu behar izan zuenetarikoa.

Erraz dirudi gaur, euskarak aldeko haizeak dituen herrialdeetan, guzti-guztiz berez eta nekerik gabe egin dela. Sinestezin dirudi, hortaz, Juna San Martinek eta haren garaikideek ondu zuten esparrua, euskarak gutxieneko lekua izan zezan gizarte itxi hartan.

Juan San Martinentzat, argi zegoen maila instituzional horretan lehen-lehena Euskaltzaindia zela. Euskaltzaindiari eskaini zizkion hainbat neke eta ahalegin, erakundearen alde egiten zuena euskararen alde egiten zuela sinetsita. Eskerrak eman behar, ondorenez, hark eta beste batzuek egindakoaren bidez dugulako gaur Euskaltzaindia esanguratsu eta eragile, euskalgintzaren barruan Juan San Martinek bultzaturiko beste entitate batzuk ere tarteko direla : Euskal Idazleen Elkartea...

Jakitun zen Juan San Martin, amaigabeko jakingura baten jabe. Jakitun eta zaldun, egoki jakin zuelako bere burua Euskaltzainditik bereizten kargu publikoetan aritu zen bitartean. Horretan ere, eredugarri.

Ezin egokiagoa, beraz, gaur Eibarko Udalak egiten dion merezimenduzko aitortza, Eibarko seme kutuntzat hartzen duela.

Zorionak familiakoei eta eibartarrei. Mila esker gaur Euskaltzaindiari zuen artean egoteko gonbita luzatzearren, eta jakin ezazue, gaur ere, Euskaltzaindiak Juan San Martini bere omenaldi xumea eskaini diola, gaur Eibarren Jagon Sailean lanean jardun duelako hona etorri aurretik.

Hori da, izan ere, Juan San Martinek utzi digun ondarea, itxurakerietan baino, lan sendoarena, guk ere aurrera eraman eta hurrengoen eskuetan jarri behar duguna.

Mila esker,

Andres Urrutia



Edukien gaineko eskubideak
Castellano Euskaraz