|
 |
|
Juanitori gorazarre
Antxon Narbaiza
Biblioteka: hurbilketa
Mekola jarri diot izenburu nere ekarpen labur honi. Mekola Juanitoren etxea, Eibarren bihotzean, udaletxetik gertu. Eibartar bezala harrotasun apur batekin Euskal Herriaren historia hurbilean zeresanik izan zuen Untzaga enblematikotik gertu. Guri baina etxe hark 1960ko hamarkada amaierako eta 1970ko hasierako gazteoi gauza asko eskaintzen zigun. Eibartar haren etxea zabalik zegoen borondate oneko pertsonentzat. Begi urdineko gizaseme txiki bitalista haren etxea ez ezik haren etorria, ezagutza eta onginahia ere. Etorria zernahi gisaz prest agertzen baitzen laguntzeko erlojuari begiratu gabe, zeinahi gairi buruz informazioa emateko.
Informazioa esan dut. Hain zuzen ere, Juanitoren etxea esateak, bere biblioteka esatea adierazten baitzuen. Biblioteka pribatua baina publikoaren funtzioa betetzen zuena. Victor Hugoren begietan irakurri izan balu bezala, espiritua janzteko zer hobe biblioteka oparo bat izatea baino? Une bibliothèque, esan izango du frantziar erromantikoak, est un acte de foi. Biblioteka bat, bada, fede ekintza bat da.
Eta jarraituko du poetak esaten: biblioteka hasi baina inoiz amaitzen ez den ibilbidea da. Juanitorenak bertan barneratzeko baldintzarik jartzen ez zuen bibliotekak. Edo, agian, bai. Bi baldintza. Jakinmina kulturaz, orobat jakinmina euskal kulturaz eta haren alde lan egiteko nahia. Eta etiketarik gabeko euskalgintza. Eta lan egiteko prozedura, metodoa: Tresnatasuna. Behin Villasantek erabili zuen terminoa hona ekarriz. Zergatik baino zertarako euskalduna maiteago zen galdekizuna. Liburuak goian eta behean, agerian edo ezkutuan zein bere aukeraren zain. Apaletan diziplinatuak edo nonahi askatasun osoz barreiatuak. Eta Margarita Yourcenar-ek bere "Hadrianoren oroitzapenak" goretsian zioen bezala: "gizaki baten pentsamendura hurbiltzeko erarik onenetakoa haren biblioteka berreraikitzea da".
Euskal Herriaz....
Itzul gaitezen baina Juanitoren etxera, espazio fisikora. Gero bueltatuko gara bibliotekara eta hark iradoki ohi digunera. Ez ginen ez Juanitoren baitan arazo heteroez bakarrik aritzen. Esaterako, era solemnean planteatu ohi zen harako: zer-nolako Euskal Herria eraiki? Hauteskunde gabeko garaiak ziren eta ideala beste edozeren aurretik jartzen genuen une historikoa. Juanitoren ekarpenak ez zuen zalantzarik: euskaratik eraiki behar genuen gure Herria. Euskara abiapuntu.
Horregatik, orduan ere, Juanito, maiz berak jakin gabe, heterodoxian mugitzen zen. Heterodoxian, hain zuzen ere, orduan, garai heroikoa, inondik ere, herriagatik hiltzea, herriagatik bizitzea baino hobeto ikusia zegoelako. Eusko gudariak ikuspegi hori eskatzen zuen. Gainerakoak kulturalista soilak ziren, ginen. Oiloipurdia sarriegi erakusten zuten militante epelak.
Gero, traidoretzat jotzen zutenak ere baziren. Euskara batua sendotu nahi zen garaia zen. Euskaltzaindiako partaide batzuk larrutu egiten zituzten. Eta esan esaten zen: Mitxelena "frantses" baten semea omen zen, Villasante, berriz, goardia zibil batena, Juanitori, ostera, bere ideologia sozialista ez zenean bere agnostizismoa leporatzen zitzaion. Eta gure hirikideak, Euskaltzaindiaren idazkari izatera iritsia zelarik, berak jasotzen zuen zenbaiten bekaizkeriaren zaparrada. Euskara batuak bada, ibilbide malkartsua izango zuen haren kontra etsai asko ez baina bai neurri batean kualifikatuak ari baitziren.
Gero, halaber, Juanitori leporatzen zitzaiona. Leporatu egin behar hura ere! Ez zeukan ikasketarik. Goi mailako ikasketarik! Espirituz pobre ziren haiek, eurak nahi gabe, Juanitoren bertutea goraipatzen ari ziren. Egunari etekin izugarri hura ateratzen zionekoa, alegia. Ez zekiten hura baieztatzen zutenak, ez zuten jakin nahi, Juanitok hartzen zuen ardura bere burua janzteko. Liburuetan eta euskal herrietan barna. Eta, Toribio Etxebarriak esanen zukeen bezalatsu, ibiltari, San Martinek lortzen zuen lagun eta harreman andana. Zenbat gutun, zenbat eta zenbat jakintsurekin izan ez ote zuen Juanitok handik eta hemendik harremanik! Horrek harritzen zituen asko. Eibarren bere egonalditxoa egin zuen beste agnostiko ezagun bati gertatzen zitzaion bezala, Gabriel Arestiri, alegia, Juanitoren agnostizismoa ez zen oztopo erlijio gizonekin gainerakoekin baino denbora gehiago pasatzen ikusteko. Izan ere gauza bat da fedea gizabanakoak senti dezakeen sentimendua eta beste bat, arras diferentea, inoren bizitzan sartzeko eta hura aldarazteko maiz nabari den kleriklatasuna. San Martin irekitasunaren salbuespenetako bat zen Euskal Herri hertsi hartan.
Kanpora ireki begiak, baina etxera itzuliaz
Bibliotekatik irten gara eta zein hobekiago gure norabidea inon amaitzekotan bibliotekan amaitzea baino!! Liburu asko ziren Mekolan, liburu asko dira Hondarribian. Baina hainbeste separata eta eskuizkribu, croquis eta mapa, hainbat eta hainbat RIEV, hainbeste Euskera, Amigos del Pais-eko boletin, beste hainbat eta hainbat argitalpenen artean, bazen pertsonaje bat, bazen izen bat zeinen izaera eta izaria, hain desberdina guretzat, joko handia emango zigun. Unamunoz ari gara. Bilbotar gizasemearen presentzia betegarria edonon geneukan gure autuetan. Izan ere, Salamankako filosofoak, gure zorionerako helduleku asko zituen. Eta hemen dator nere ustez San Martinen baitan inoiz behar beste eskertuko ez dugun ekarpena.
Unamuno filosofoa, Unamuno poeta, Unamuno nobelagile, Unamuno antzerkigile, Unamuno: euskalduna. Eta hor gelditu egiten ginen. Unamuno polemistarekin egiten genuen topo. Orduan orain bezala, handiak txikia jan behar zuen. Eta bilbotarrak, joaneko bidea errazten zigun. Eskertzen genion joaneko bide aski lasai, ohikoa, munduko kulturari ate bat irekitzen ziguna: Kirkegaard, existentzialismoa, gizakiak, gizaki den unetik bertatik, bere buruari egiten dizkion letra larrizko galderak. Nor naiz ni, zer egiten dut hemen, nora noa mundua hau uztean...
Galdera haiek eta beste asko ongi zeuden baina espazio tenporala ez ezik fisikoa ere bertan geneukan. Euskal Herrian. Hain zuzen, Unamuno euskaldunak joaneko bidea egiten uzten zigun soil-soilik. Hots, bide hark ez zuen atzerabiderik. Unibertsaltasuna erakargarria zen oso, orain bezala orduan! Unamunok eskaintzen zigun hautuak Euskal Herriak zituen auziak ahaztea edo behintzat intelektualki alboratzea suposatzen zuen. Baina guk itzuli nahi genuen. Eta Unamunok ezetz esaten zigun. Gure hizkuntzak ez zuela merezi. Berdin berdin izango ginela euskaldun geurea, gure uzta, euskaldunon uzta, bestearen magalean, espainiar hizkuntzan alegia, isurtzen bagenuen. Ez genuen baina gure ekarpen mendrena, Jorge Manrique parafraseatuz, gaztelaniaren itsasora isuri nahi. Ez genituen ur metaforak gustuko! Ez geunden, bada, ur handi baina desitxuratuko gintuen haren barruan deseginak izateko prest. Horregatik Juanitok bezala, unibertsaltasuna inoiz ukatu gabe ere, itzuliko zadorrari ekiten genion jakinaren gainean egonik ere askoz ere bide malkartsuagoa, arantzatsuagoa eta inoiz gogaikarriagoa hautatzen genuela.
Baina aitortu beharra dago. Unamunok, Unamuno handiak, joko zabala eskaintzen zigun. Haustura, nolabaiteko haustura, ez zen, dena den, erabat xaloa izaten. Hori bai, pertsonaia erlatibizatu egin behar genuen, horrela errazago izango genuen eta gure tesien alde jokatzea. Gogoan dut garai hartan Juanitok Justo Garateren liburu bat utzi zidala irakurtzeko El arte de traducir zuen izena eta bergararrak ohi zuen estilo zuzen, baina era berean aski idorrean, besteak beste, Unamunoren hizkuntz ezagutza zalantzan jartzen zuen hark eginiko zenbait itzulpenetan. (Begira, begira, esaten zigun Garatek bere liburuan, Unamunok ez daki biologiaz, ez daki noski! medikuntzaz, ezta ere landareez, floraz; ez daki...hainbat eta hainbat gauza ez zekien Unamunok!) Eta guri ongi zetorkigun. Gauza baitzen bilbotarra bere Jainko harroinetik jaistea.

Badirudi garai hartan duela hogei, hogeita hamar urte hainbatentzat argi zegoen dialektika, egun zalantzan jartzen dela, alboratu egiten ez denean. Alegia, unibertsaltasuna saihestu ezin dezakegun helburua da, baina gurea, gure hizkuntza lantzea, kanporatzea, azken finean beste unibertsaltasun mota hori ezin dugu baztertu. Euskal hiztunaren bideak horrelakoa izan behar luke, izan behar du. Euskal hiztunaren bizitza honetako bidaiak joan-etorrikoa izan behar du. Juanitori zor diogun ezinbesteko ekarpena.
Juanitoren baitan ez da sekreturik. Tolesturarik gabeko gizona dugu eibartarra. Bazen, bazuen halere olerkiarekin konplizitate berezia. Huraxe zeraman Juanitok gugandik apur bat ezkutaturik. Beste edozertaz hitz egin zezakeen gure gizonak baina bere poesiaz oso bakan. Norberak eskatu behar. Besterenik bai. Hurbilekoenak zeuden gehienon ahotan. Celayaren nahi eta ezina ("Ay Euskalerria cuántos caminos recorrí para volver a la paz de tu así"), Blas de Oteroren poesia gordin eta biluzia, Celso Emilio Ferreiroren eragina Arestiren "harriaren" baitan....Noizbehinka baina sorpresatxoa izaten zen. Espriuren harako poema haren itzulpenaz gure iritziaren galdera zetorren. Haren begirada biziak itzulpenaren fruitua erakusten zizunean: "Homes de pau" .. Bake gizonak...
Egun, hirugarren milurtearen mataza askatzeari ekin diogun honetan arriskua dugu iragan hurbila ahanzteko. Garai txarrak ditugu espirituaren lantzeko! Eta Joxe Azurmendik Juanitoz ari dela ezin egokiago dioen bezala: "Zurubia bota ondoren hura ahaztu egiten duenak ez daki bera gaur nola dagoen, dagoen tokian. Eta, ez jakinez, egon ere ez dago guztiz, omen dagoen hortxe".
Behin Juanitori entzun nion harako esaldi hark laburbiltzen du pertsona baten Jakintzara hurbiltzeko nahia, egarria. Seguru nago gutako edozeinek bere egingo lukeela: "Damu bakarra dut bizitza honetatik alde egiteko. Nahi nituzkeen liburuak irakurri gabe joan beharra". Izan ere, ez ote genuke horixe gizakiok pena bakarrenetakoa mundu honetatik alde egiteko? Gure moduko batzuek, hezur eta haragizkoak, alegia, historian zehar sortu dituzten artelan bikain guztiak ezin dastatuz alde egin beharra!
|
 |