|
 |
|
Blanca Urgell, EHUko Hizkuntzalaritza eta Euskal Ikasketak Sailaren zuzendaria
Alkate jauna:
Atsegin handiz hartu dut Euskal Herriko Unibertsitateko Hizkuntzalaritza eta Euskal Ikasketak Sailaren izenean Juan San Martini buruz lerro batzuk idazteko aukera hau, bai baitakit sailkide guztiok estimatzen dugula euskara eta euskal kultura ezagutzeko eta ezagutarazteko San Martinek egin duen lan handia, gaurko baliabide eta erraztasunekin ez eze, baita frankismoaren garai latz haietan ere. Atsegin handiagoz, jakinik gonbidapenaren helburua San Martin Eibarko seme kutuna izendatzea dela.
Euskaltzale eta euskalari bezala, ez noa Juan San Martinen lanak banan-banan denak aipatzen, ezinezkoa izango litzateke eta, nire ustez, egile ez ezik, inoren eragile bezala egin izan duena zuzen jasotzea: izozmendietan legetxe, ziur naiz azpian datzana agerian dagoena baino are handiagoa dela.
Helburu apalago batekin, beraz, Euskal Filologiaren esparruarekin zerikusi gehien dutenetara mugatuta, aipatu nahi nituzke Juan San Martinen lorratzak tinko markatuta dauden hiru-lau gai nagusi.
Lehenik, hizkuntza eta bereziki literaturaren alorrean egin duen zabalkunde lana. Egunkari-aldizkarietako artikulu, hitzaurre eta erreseina ugariez gainera (batzuk gero liburutan jasoak: Gogoz 1978, Bidez 1981, Landuz 1983... eta Literaturaren inguruan 1980, jakina), gure literaturaz San Martinek izan duen interes sakonaren erakusle bikainak dira bere ibilbidearen bi mugarriok: lehen liburua, Jose Antonio Mogeli buruz (1959), eta Euskaltzaindiko sarrera-hitzaldia, "Literatura landuaren sorrerako giroa, Axularren garaira arte" (1974): Mogel eta Axular, bere buruz aski mintzo diren bi izen.
Bagenekien irakurle nekaezina, irakurle amorratua dela San Martin; sailkide aditu batek hauxe esan dit, gainera: irakurle ona ere badela. Ez da makala, ez, alde honetatik egin duen lanaren definizio.
Ez da bakarrik zabaltzaile, ez eta bakarrik idazle ere gure Otsalar. Hori gutxi ez izanik, sustatzaile legez ere (sustatzaile legez batez ere) aipatu behar dugu San Martin euskal literaturaren alorrean. 60-70eko hamarkadetan, Mitxelena, Aresti eta beste gutxi batzuekin batera, San Martinek gazteei bideak ireki zizkien, eta euskal plazara zekarten izpiritu zabal, moderno, heterodoxo haren aldera agertu. Hara hor Uhin berri antologia (1969), hainbatek uhin berri hark berekin zekarren euskara berria ere ezagutu eta lantzeko erabilitakoa.
Bigarren lekuan, bere jaioterriko euskal aberastasuna jasotze aldera egin duen lan garrantzizko eta oparoa aipatuko dut, Toribio Etxebarria aurrekariaren lana hainbat aldetatik osatu baitu: Eibarko hizkera (Zirikadak 1960, Eztenkadak 1965), Eibarko lexiko berezitua (burdina-langintza Euzko-Gogoa 1958, Euskera 1958, 1959, txori izenak Euskera 1978, botanika Euskera 1990...) zein orokorra (Euskera 1990-2000), Eibarko aditza (1981), Eibarko baserriak (CEEN 1977), baita Eibarko eta Elgetako toponomastika ere (Onomasticon Vasconiae 2000).
Hirugarrenik, azpimarratu nahi nuke euskaltzaletasuna Ararteko izaerarekin ederto uztartzea lortu zuela, eta honetan ezin bereiz aipatu gabe utzi eragin zuen 1820ko Jaquin-bide iritarautia-ren faksimilea (1991), euskal literaturak gaien aldetik eta euskal gizarteak pentsamoldearen aldetik pairatu duten erlijioaren aldeko desoreka itzela berdintzeko ahalegina egin duten bakanen erakusgarri bitxia.
Azkenik, ezin dugu ahaztu San Martin euskara batuaren alde hasieratik bertatik jarri izana eta harrezkero bultzatu izana: berak eta bera bezalakoek izan zuten aurreikuspen eta zabaltasunari zor diogu euskaldunok behar adinbat bide euskaraz irekitzen joan ahal izatea: nola eratu bestela hezkuntza? nola gauzatu goi mailako ikasketak eta ikerketak? nola komunikabideak? nola administrazioaren hizkuntza?...
Honegatik guztiagatik, eta Juan San Martin pertsona gisa ere ezagutzen dugun guztiok biziki estimatzen dugulako ere, Euskal Filologiaren esparru eta ingurumarietan egin dituen lanengatik lerro hauekin zor handi bat kitatu ez bada ere, gutxitu bederen egin dezakegulakoan poz-pozik erantzuten diot Eibarko udalaren gonbiteari.
Blanca Urgell
EHUko Hizkuntzalaritza eta Euskal Ikasketak Sailaren zuzendaria
|
 |