|
 |
|
Euskal kulturan, Juan San Martin (Eibar, 1922) ezaguna da gaztetan hasi
eta gaur egun arte egin dituen jarduera ugariengatik. Ez da egon kultur
jardunaldi, kultur aste edo arte aste askorik, San Martinek bere
presentzia eta lankidetza aktiboaz parte hartu ez duenik. Bere bizitza
euskal kulturari, sekula amore eman gabe, eskainitako bizitza izan da,
bizitzaren eta historiaren ikusmolde ireki batetik eskainita ere. Behin
eta berriz eskatu izan zaio hitzaldiak emateko Euskal Herriaren
luze-zabalean, bai literaturari nahiz hizkuntzari buruz mintzatzeko, bai
arte, etnografia edo herri kulturari buruz. Alor anitzeko, zorrotza eta
eskuzabala izan den jardun atergabe horrek pertsona garrantzitsuen
ezagutza eta adeitasuna ekarri zizkion, besteak beste Barandiaran, Caro
Baroja, Mitxelena, Oteiza edo Luis Villasante adituenak, haien lankide eta
kolaboratzailea izan da kultur egitasmo askotan. Bere herrikide Toribio
Etxeberria gizon handiaren ezagutza eta adeitasuna ere izan zituen;
Etxeberriak, San Martinen kultura eta giza nortasuna goraipatzeko,
"Stonehengw?ko zabalian" olerkia eskaini zion, "Ibiltaritxanak" bere
liburuan. San Martinek argazkigintzan bezain sutsu jardun izan du histori
ikerkuntzan, edota Euskaltzaindiko kidea izanik alor horretan zuen
egitekoan; hainbat urtetan izan da "Egan" aldizkariaren arduradun (1983 -
1989), Euskaltzaindiko idazkaria (1967 - 1978), eta erakundeko
lehendakariordea, azken urte honetan. Era berean, gogotsu ibili da
alfabetatze kanpainetan -horien sustatzaileetako bat izan zen-, ikastolen
sorkuntzaren bultzatzailea ere izan zelarik.
Aipatutako lan horiek guztiak egin ditu, bere ibilbidean egindako lan
guztiak ez badira ere; alabaina, San Martin, euskal kulturari buruzko
liburu askoren hitzaurre egilea izanda, poeta delako da ezaguna, joera
liriko baten sortzailea izan delako, bere garaiko errealismoa gaindituta,
eta intimitatea baztertu gabe, ukitu existentzialeko bertsoak sortu
dituelako, eta horrek laguna zuen Arestiren txaloak, eta baita Mikel
Zaraterenak eta Oteizarenak ere, besteak beste, ekarri zizkion. San Martin
"Harri eta Herri" Arestiren liburu garrantzitsuenaren hitzaurrearen egilea
izateaz gain, Arestik argitaratu behar zuen guztiari buruzko irizpena
eskatzen zion gizona ere bazen. San Martin, halaber, poeta unibertsal
anitzen sartzailea izan da, eta horien lanak euskarara itzuli eta hedatu
izan ditu.
Aresti, Joxe Azurmendi eta Mikel Lasarekin batera, eibartar ospetsu hau
hirurogeigarreneko hamarkadako urte haietan, Lauaxeta, Lizardi, Salbatore
Mitxelena, Mirande edo Orixe egile adierazgarrienak zituen hurbileko
literatur tradizioaren irakaspenak onartuta ere gainditurik, eta Otero eta
Celayaren poesiari ere so eginez, modernotasun lirikoa euskaraz jarri
zuten poeten ahotsen ordezkaria da.
1998ean, Euskal Herriko Unibertsitateak San Martinen "Giro
Gori-Tiempo Ardiente" liburua argitaratu zuen, bere olerkari-ibilaldian
egileak sortutako poesia guztiak (1954 - 1977) jasotzen dituena; garai
hori oso ziklo sortzailea izan zuen, eta ondotik San Martin plazagizonago
bat agertu zen. Olerkietan, era askotako adierazpen lirikoaren ñabardurak
nabari daitezke, baita beste sentimendu eta jarrera batzuk ere -hala nola,
umore sena-, hirurogeigarreneko urteetako konposizio batzuek, hizkuntzaren
batasunari eskainitakoek batik bat, adierazten duten bezala. Gizon
bakezalea izanik, hainbat herri eginkizunetan ere parte hartu du. 1978.
urtean, Euskal Herriko Kontseilu Nagusiko Kultur zuzendari nagusi izendatu
zuten, eta kargu hori izanda, euskal arte ondarerako aholkulari,
ondarearen zaintzan eta defentsan aritu zen.
1989an, lehenengo Ararteko izendatua izan zen, eta kargu hori izanda,
gizarte eta kultura lan handia burutu du, eta halaber, liburuak eta
prospektuak argitaratu ditu; bestalde, egindako txostenetan, San Martinek
agerian utzi ditu kulturaren unibertsaltasunari buruz duen ikusmoldea eta
Euskal Herriari dion maitasun berezia. Hainbat kultur erakundetako kidea
da San Martin, besteak beste, Eusko Ikaskuntza, Euskalerriaren Adiskideen
Elkarte, eta Aranzadi Elkartekoa, eta sortzailea izanik, Euskal Idazleen
Elkarteko (EIE) eta Euskal Itzultzaileen Elkarteko (EIZIE) ohorezko kidea
da. Eusko-Bibliographiako kolaboratzailea eta zuzendaritzako kidea izan
zen, Jon Bilbao zuzendaria zelarik. Ararteko zenean, Ombudsmango Institutu
Europarreko lehendakari ere izendatua izan zen (1994 - 1995).
Lanbide ibilbideari dagokionez, hainbat industri espezialitatetan aritu
zen bere jaioterria den Eibarren, eta beranduago, makineria inportatzen
zuten hainbat enpresatan jardun zuen. Txikitatik izan zuen irakurtzeko
zaletasuna bere prestakuntza autodidaktaren oinarria izan da.
Kirol alorrean, mendizale porrokatua izan da, modalitate guztietan.
Eskalada eta Goi Mendiko Eskolako monitorea izan zen. Naranjo de Bulnes
mendira hiru bide ezberdinetatik igo zen, eta bide berriak ireki zituen
Pirinioetako hainbat gailurretan; Picos de Europa mendigune ia osoan ibili
zen, Gredosen, Pirinio mendietan eta Alpeetan ere bai maiz. Larran dagoen
San Martingo leizera egindako espeleologia espedizioetan parte hartu zuen.
"Pyrenaica" eta "Munibe" argitalpenetan, jarduera horiei buruzko
kontakizun ugari daude jasota, eta bere ibilbidea aintzat hartuta, Mendiko
Federazioak kirol merezimenduaren zilarrezko domina eman zion.
Urte askotan, kultur zabalkundeko artikuluak eta saiakera kritikoak
argitaratu zituen hainbat argitalpenetan, hala nola, Donostiako "Hoja del
Lunes" egunkariak euskaraz eta gaztelaniaz argitaratzen zuen asteko
atalean. Bere ibilbidean, kezka handia erakutsi du arteen eta
etnografiaren aurrean; izan ere, historiaurreko hainbat aztarnategi
aurkitu ditu (bat, duela gutxi, Hondarribian), arte lanak identifikatu
ditu, eta aldi berean herri kantak eta artisau lanak biltzeaz ere arduratu
da.
(Publicado en el prospecto Juan San Martín, Koldo Mitxelena Kulturunea, Diputación Foral de Gipuzkoa, noviembre 2003)
|
 |