Eibar kultura ondarea historia  > Ego Ibarra Batzordea  > 2005eko ekitaldi programa  > 2002ko ekitaldi programa  > Ikerketak  > Eibartarren Ahotan Ahozko Artxiboa
















Eibartarren Ahotan Ahozko Artxiboa
  






















 

Egindako zenbait elkarrizketa entzuteko, egin klik hemen:

Helburuak eta zergatiak

Eibartarren Ahotan proiektua 1999ko udan hasi zen martxan ahozko ondarea jasotzeko asmoarekin, eta lan horretan dihardugu harrezkero. Proiektuaren helburua bat bakarra, baina zabal eta sakona: Eibarko eta inguruko herrietako nagusiekin hitz egin eta antzinako ipuin eta kontuak bideoz jasotzea. Ohiturak, bizimodua, sinesmenak, lanbide zaharrak.... Gure historia eta etnografia sakonean aztertzeko aukera paregabea dugu, eskualdeko memoria historikoaren eta ondare kulturalaren berreskurapenean beste pauso bat emanez. Dena euskara hutsez eta azken helburua batutako informazioa herritar guztiei eskaintzea eta dibulgatzea izanik. Asmoa, hurrengo belaunaldiei XX. mendearen lehenengo zatiaren bizimoduaren ñabardurak eta alderdi desberdinak zehatz-mehatz, protagonisten ahotan, jasoko dituen ikusentzunezko artxibo eta datu-basea lagatzea, zaletuen gozamenerako eta adituen (filologo, historialari, etnografo zein soziologoen) azterketarako. Proiektua Eibarko Udalaren babespean ari da gauzatzen, Eusko Jaurlaritzaren diru-laguntzari esker.

Eibartarren Ahotan proiektuaren bitartez, ahozkotasunean jaio eta bizi izan diren azkenengo hiztunen hitza jaso nahi dugu. Beraiek osatzen dute Euskal Herrian (eta Europan oro har) atzen 100 urteotan jazo diren aldaketa teknologiko eta sozialak bizi izan dituen belaunaldia. Eurak jaio zireneko gizarte tradizional preindustriala ez zen beraien aitita-amamen oso ezberdina; euren biloben gaur egungo gizartea, aitzitik, erabat aldatu da. Proiektu honen asmoa, beraz, gizarte tradizional horren berri jasotzea da, berori ezagutu zuten azken lekukoen hitza lan-tresna izanik.

Ahozko transmisioa aztertzeko orduan, batez ere bi elementu aztertu ohi dira: zer kontatzen den (edukia, ipuina, kontakizuna) eta nola kontatzen den (hiztunak kontakizun horretan darabiltzan tresna eta egiturak). Euskal Herrian, hala ere, bada ahozkotasunaz hitzegiten dugunean betiere kontuan izan beharko dugun hirugarren elementu aipagarri bat: euskalkia. Ipuin berbera oso era desberdinean iritsiko zaigu Amoroton eta Legazpin, Urdianen eta Senperen. Euskalkien eta tokian tokiko hizkeren garrantzia hitzetik hortzera aipatu izan da azken urteotan eta ezinbestekoa da beraz hirugarren elementu hori ere aintzakotzat hartzea, ahozko ondarea jasotzeko eta aztertzeko bideratzen dugun edozein lan egiteko orduan.

(Asier Sarasua eta Itziar Alberdi ikertzaileak, Juanita Arrieta, Margarita Murgizu eta Dolores Tolosa elkarrizketatzekotan)


Lanaren urratsak

Aurreko helburuok betetzeko, proiektuan zehar eman beharreko urratsak eta eginkizunak bi zeregin handi hauetan bil daitezke:

  • Informazioa ahozko iturrietatik jaso eta euskarri digitalean gorde: Lehenik eta behin galdetegiak prestatu eta elkarrizketak bideoz grabatzen ditugu. Ondoren, elkarrizketaren laburpen-fitxa eta kodifikazioari ekiten diogu. Lan honi esker, interes handiko edo eta informazio berezia eskaintzen dituzten pasarteak aukeratu eta zati hauen transkribapena egiten dugu. Informazio eta material gehiena euskarri digitalean batzen ahalegintzen gara; askoz kalitate hobea eskaintzen du eta hedapenari begira aukerak erabat zabaltzen ditu. Bestalde, hasiera batetik ikusi genuen informazio guztia eroso erabiltzeko, derrigorrezkoa zela guzti hori antolatuko zuen datu-basea prestatzea eta informazioa bertaratzea. Honi esker, euskarri eta informazio-iturri ezberdinak bateratzen ditugu (bideoa, argazkiak, testuak, hitza, 8 mm-ko pelikula zaharrak...), eta honek lana asko errazten du, bai antolatzeko orduan, bai gerora begira, informazioa hedatzerakoan.
  • Batutako informazio guztia hedatu. Hau da proiektu honen helburu nagusi eta atzena, dibulgazioa, herritarrei galtzen ari den historia, kultura eta etnografia aberatsa erakustea. Izan ere, gure ustez, bilketa-lan huts diren proiektuak, edo hartzaile gutxirengana heltzen direnak, hanka-motz geratzen dira. Hainbat argitalpen posible aurrikusten ditugu, euskarri ezberdinetan. Hori aberasgarria dela pentsatzen dugu, dibulgazio-esparrua handitzen duelako, hartzaile potentzialak zabalduz. Hori da bete nahi dugun oinarrietako bat, informazioa ahalik eta jende gehienarengana iristea, zahar nahiz gazte, aditu nahiz zaletu.

Lanari buruzko informazio gehiago nahi izanez gero, idatzi egiguzu, edo sartu ondorengo ataletara:





Edukien gaineko eskubideak
Castellano Euskaraz