|
 |
|
Lanaren zertarakoa
Mapa egiteko arrazoi nagusiena, Eibarrek orain arte zuen hutsune handi bat bete nahi izatearena izan da. Eibarko hiri-toponimia jasota zegoen, baina ez zegoen udalerriaren maparik; ez zegoen hirigunetik aparteko leku-izenik batuta: erreka-izenak, mendi-tontorrak, iturriak, txareak, aurkientzak... ez zeuden jasota, izkutuan zeuden herritar gehienendako. Eta batuta zeudenak ere, ezagutzen zirenak -baserri izenak, mendiren batzuk- ez zeuden idazkera normalduan; kasurik gehienetan, dena egiteke zegoen. Mapa topografiko zaharren batetik aparte, ezer gutxi zegoenez eginda, premiazkoa ez ezik, derrigorrezkoa ere ikusten zen mapa egitea, errealitate fisikoa adierazi eta leku-izen zaharren oroimena gordetzearren.

Metodologia
Eibarko Gobernu Batzordeak, 2002ko abenduan, Ego Ibarra Batzordearen proposamenari kasu eginez "Eibarko Mapa topografikoa" egitea erabaki zuen , eta aldi berean, Eusko Jaurlaritzari, horretarako dirulaguntza eskatu zion. Jaurlaritzako Lurralde Antolamendu Sailak baietza eman zion dirulaguntza-eskaerari.
1go fasea: Mapa egiteko erabakia hartzea eta ikerketa-lana gauzatzea
Lana egiteko diru-baliabideak eskura zirela, lana enkargatzeko Baldintza Orriak idatzi eta kaleratu egin zen deia. Udalak Bilboko Ininfor etxeari adjudikatu zion mapa egitearen ardura, baina oinarrietan ezarri bezala, udalak, herriko euskararen ezaguera sakona eta ikerkuntzan adituak ziren ikerlariak -antzeko lanetan eskarmentua zutenak- kontratatzeko agindu zion. Hala, Itziar Alberdi eta Asier Sarasua adituak hartu zituen aipatu mapa gauzatzeko.
Ikerlariak 2003. urtearen hasieran hasi ziren beharrean eta iturri bitara jo zuten orain arte sekula egiteke zegoen lanari ekiteko: lehendabizi, Itziar Alberdik, iturri-dokumentalak arakatu zituen, Udal Artxiboko agiri zaharretan eta beste hainbat dokumentutan zeuden leku-izen asko eta asko jaso eta datu-basea osatu zuen. Ondoren, ahozko iturriak aztertu ziren, Asier Sarasua baserriz baserri joan zen, iturri dokumentalak eskuetan zituela, baserritarrengana jo, leku-izenak aztertu eta batzeko (mendi-izenak, aurkientzak, errekak, iturriak, baselizak, tontorrak,...). Eta garrantzizkoena: izen bakoitza lekutu. Elkarrizketatutako lekukoen baserrien izenak, beheko zerrendan dituzu.
Hori egin eta gero, ikerlariek, bakoitzak bere esparruan landutako iturriak bien artean erkatu eta leku-izenen aldaera-zerrenda luze bat atondu zuten (2000 inguru). Hortik, 1:500 eskalako mapa batean sar zitezkeenak aukeratu ziren irizpide jakin batzuen arabera: errekak, iturriak, mendiak, mendi-tontorrak, baselizak, eraikin aipagarriak, baserriak, paraje handiak eta hain handiak ez izan arren, aurkientza edo paraje txiki ezagunak; guztira 496.
Ikerlarien lan etengabeari esker mapan sartu beharreko izenak aukeratuta eta lekututa zeuden 2003. urtearen akaberan.
2.fasea: Toponimiaren edo leku-izenen normalizazioa
Izen batzuk ezagunak dira herri mailan, entzunak, idatzita ere ikusi izan dira; beste asko ostera, gutxi erabili eta entzundakoak dira, eta lur-eremu handia hartu arren, baserritarren erabilera-eremutik kanpo sekula entzun ez direnak, idatzizkoan ere oso gutxitan agertzen direnak.
Hain zuzen ere horixe zen, idazkera, hurrengo pausua, eta hor, Ego Ibarra Batzordeak, Euskaltzaindiara jotzea erabaki zuen. Horrela sortu zen toponimoen normalizaziorako lantaldea 2003an hasi eta 2004. urteko uztailerarte geratzeke lanean jardun zuena.
Euskaltzaindiak Mikel Gorrotxategi (Onomastika Batzordeko Idazkaria) eta Patxi Galé (txostengilea, toponimian aditua) izendatu zituen; Eibarko udalak, Carmen Retenaga Ego Ibarraburuaren gidaritzapean, ikerlari biak -Itziar Alberdi, Asier Sarasua-, Antxon Narbaiza, Serafin Basauri, Nerea Areta, Iñaki Zabaleta (San Andres elizako parrokoa, hagiotoponimoetarako, izan ere, udalak, instituzio legez, ezin baitu ezer esan Elizarenak diren izenetan), Begoña Azpiri Ego Ibarrako idazkaria eta Yolanda Ruiz udal artxibaria hartu zituen lanerako.
Izen bakoitzaren inguruan jardun eta gauzak arakatu ondoren, azkenean, Eibarko Toponimia txostena, 2004ko uztailaren 29ean iritsi zen, Eibarko hagiotoponimoen zerrendarekin batera. Lantalde horrek atera zuen ondorio nagusia hauxe izan zen: "normal" bihurtu behar zaigula "Abauntzaga" idazten den leku-izena "Abontza" esaten dela jakitea.
3. fasea: Mapa argitaratzea
Bigarren fasearekin batera topografia-lana ere bere bidea egiten ari zen. Fase horretan, udalerriko bide guztiak jasotzeko premia ikusi zen (baserrietako bideak) baina baita ostiangoak ere (mendiko ibilbideak, PRak, andabideak...). Horretarako, ikerlariez gain, Eibarko Klub Deportiboko Mendi Taldeari laguntza eskatu zitzaion eta Eibar barruan gehien ezagutzen diren ibilbideak markatu zituzten.
Talde horretaz aparte partikular askok lagundu dute: baserritarrek, herria oso ondo ezagutzen dutenek, mendizale zaharrek... Horrela joan da osatzen mapa. Herriak dituen bailerak edo baserri-auzoak eta bakoitzak hartzen duen lur-eremua ere bertan agertzen dira (Kiñarra-Otaola, Agiñaga, Gorosta, Mandiola eta Arrate bailarak).
Mapa horretan herri-barruari zegokion zatia Hirigintza Batzordeak hartu zuen bere gain (errepideak, eraikinak...), hain zuzen ere Elena Juaristi udal arkitekto andereak, berari egokitu baitzaio gainbegiratu orokorra. Azkenik, mapa 2005eko otsailean argitaratu da 8489696-39-X ISBN zenbakiarekin. Ikerketa-bide zabal baten hasiera baino ez da.
Eibarko Mapa
Ikertzaileak: Itziar Alberdi eta Asier Sarasua
Eibarko udala, Ego Ibarra Batzordea
ISBN: 8489696-39-X
Prezioa: euro bat
Prentsa jarraipena:
Gai honi buruzko aipamen eta albisteak:
Lekukoen zerrenda:
Ahozko datuak biltzeko, baserri hauetako bizilagunak elkarrizketatu ditugu:
OTAOLA-KIÑARRAGA
Urki Guenengua
Urki Kurutzekua
Kaskarraingua
Ubitxa
Bolingua
Katalangua
Irei Txiki
Areta
Iragorri
Izkua
Eguren
ARRATE
Gaztelu
Arizmendi
Barrenetxe
Mendigoitti
AGIÑAGA
Zumaran
Mendibil
San Roman
Oregi
Arando Aurtena
MANDIOLA-GOROSTA
Aritxulueta
Zozola
Amazabalegi Abeletxe
Amazabalegi Gaiñekua
Arrajola
Pagei
Gisasola
Itturrua Abeletxe
Azpiri
Arlaban
Asola Gaiñekua
Sagarbitta
Txabola
Akondia
Altza
Nebera
Gorosta Gaiñekua
Gorosta Azpikua
Agarre Gaiñekua
Agarre Azpikua
Elus
Altzubarren
Maapillaga
|
 |