Eibar kultura ondarea historia  > Ego Ibarra Batzordea  > Ikerketak  > Eibartarren Ahotan Ahozko Artxiboa  > Hedapena








Hedapena
   

Hauxe da proiektu honen helburu nagusi eta atzena, hedapena, herritarrei galtzen ari den historia, hizkera, kultura eta etnografia aberatsa erakustea. Izan ere, gure ustez, bilketa-lan huts diren proiektuak, edo hartzaile gutxirengana heltzen direnak, hanka-motz geratzen dira. Orain arte, hainbat ekintza ipini ditugu martxan: artikulu laburrak, Eibar inguruko hiztegi etnografikoa biltzen duen liburua, II. Errepublikaren 70. urteurrena ospatzeko bideoa eta diaporama, Eibarko euskaltegietan ahozko eredu jatorrak lantzeko erabiltzen den bideoa, internet.... Euskarri ezberdinak jorratzea aberasgarria dela pentsatzen dugu, dibulgazio-esparrua handitzen duelako eta hori delako bete nahi dugun oinarrietako bat, informazioa ahalik eta jende gehienarengana iristea.

Hemendik aurrera, orain arte bezala, helburu nagusia eibartarrei elkarrizketak egiten jarraitzea da, eta jasotako guztia lantzen, kodifikatzen, eta datu-basean sartzen jarraitzea. Zabalkunde aldetik, indar berezia emango diogu interneten ahalik eta material eta informazio gehien ipintzeari.

Ezinezkoa da orain arte emandako urrats eta eginkizun guztiak laburpen honetan zehatz-mehatz azaltzea, baina hementxe doa konturik aipagarrienen laburpena, web gune honetatik bertatik hasita.

Internet

Proiektuaren helburu nagusia jasotakoa herritarrei erakustea izanik, ezin genuen internet ahaztu, eta hedapen lan horretan aurrera egiteko bildutako materiala on-line ipintzen hasi gara. 2002ko martxoaren 14an aurkeztu zen www.egoibarra.com webgunea. Bertan, proiektuaren helburuak eta metodologia azaltzeaz gainera, egindako grabazioen zati batzuk entzuteko (eta transkribapena irakurtzeko) aukera jartzeko asmoa dugu, Ahozko Artxiboa atalean. Oraindik lehenengo urratsak besterik ez ditugu eman, baina hurrengo hilabeteetarako erronka nagusia, ahal den neurrian, proiektuan zehar jasotako informazio guztia bertaratzen joatea da.


Hiztegi Etnografikoa

Bestetik, gure lanean batu ditugun, eta etnografia eta ohitura zaharrekin zerikusia duten berbak biltzen dituen Eibarko Hiztegi Etnografikoa kaleratu du Eibarko Udalak aurten bertan. Azken urteotan, Eibarren jasotako txori-izenak (Sarasua, 1997), eta baserri-tresnen izenak (Gisasola, et. al., 1998) kaleratu ditugu, besteak beste. Oraingoan, etnografiarekin zerikusia duten hitzen bilduma osoa kaleratuko dugu, hiru atal nagusitan banatuta: animalia eta landare izenak (txoriak, perretxikoak, zuhaitzak, ornogabeak...), baserria eta ohitura zaharrak (baserriko tresnak, ohiturak, meteorologia, sinesmenak...), eta industria eta lanbide zaharrak (armagintza, etxeginak, lihoa...). Hiztegi horretan gure elkarrizketetan jasotako hitzak eta testuak bildu ditugu, behar denean irudiz ornituta.


Eibarko Euskararen Ikastunitatea

Eibarko Udalak herriko euskaltegietan erabilgarri den ikastunitate bat kaleratu berri du (2001eko udazkenean). Ikastunitatearen helburua euskaraz ikasten dihardutenei euren herriko hizkeratik gertuago dauden ereduak eskaintzea da. Ikastunitate horren lagungarri 70 minutu inguruko bideoa kaleratu da, Eibartarren Ahotan proiektuan jasotako elkarrizketak erabiliz. Zazpi atal ditu, ikastunitateak moduan, zazpi gai ezberdin jorratuz. Bideo hori ikasleen artean entzumena eta ahozkotasuna lantzeko erabiliko dute Eibarko euskaltegietan. Hizkuntza ez da edukiak komunikatzeko bakarrik. Hizketan, gozatu ere egin behar da, jolas egin. Gure nagusien hizkera da horrelakoa, eta nagusien hizkuntza eta hizkera erabilgarri izango ditugu ikastetxe eta euskaltegietan, ikasleei eredu fresko, natural eta hurbilagoak emateko. Izan ere, herri euskaratik abiatuz, euskara bera sendotzen dugu, herri-euskararen aberastasunak euskara batua aberasten baitu. Euskalkien ekarriaren beharra batzuetan ahaztu egiten dugu, euskara batuaren kalterako eta euskalkien okerrerako. Gune honetan bertan ikastunitateko soinu-artxiboak entzuteko aukera duzu, Ikastunitatea atalean.


Errepublikaren 70. urteurrena

Eibartarren Ahotan proiektuaren aurreneko ikusentzunezko produktua 2001. urteko martxoan irten zen kalera. Errepublikaren aldarrikapenaren 70. urteurrena zela eta, Eibarko udalak 2001eko apirilean antolatu zuen erakusketarako gai horren inguruko bideoa editatu genuen: "Esnatu, esnatu! Republikia etorri da-eta!". Eibarko KTB telebistarekin elkarlanean, egun hori (1931-IV-14) bizi izan zutenek nola gogoratzen duten jakin ahal izan dugu. Bideo horrekin batera, erakusketan bertan ikusgai egon zen izen bereko diaporama. Batean zein bestean, elkarrizketetan jasotakoa herritarrei erakusteko aukera daukagu, ahotsa, argazki zaharrak eta pelikulak.


Artikulu laburrak

Azken helburua hile batzuk barru batutako guztia bilduko duen lan sakona kaleratzea izan arren, eta hurrengo hileotako helburu hurbila informazio gehiago batzea izango den arren, apurka-apurka bada ere, orain arte bildutakoa kaleratzen hastea komenigarria izan daitekeela uste izan dugu. Horregatik, hilean behin, Eibarko ...eta kitto!, Eibar edota Kezka aldizkarietan artikuluak kaleratzen hasi gara. Badakigu hartzaile batzuendako liburu sakonak deigarriagoak direla, eta proiektu honek azterketa sakona egitea ere merezi duela, baina bizpairu orriko artikulu laburrak oso gustura irakurtzen dituztenak ere asko dira, eta artikulu horiek herritarrei, gutxika-gutxika gure ondare eta ohituren berri emateko aukera polita dira.


Industria Ondarearen Euskal Biltzarra

2001eko urriaren 18tik 21era Industria Ondarearen Euskal Biltzarra antolatu zen Barakaldon izenburu honegaz: Industria Ondarearen Kudeaketa Europan XXI. mendean. Bertan txosten bat aurkeztu genuen, "Ahozkotasunaren garrantzia Industria Ondarearen berreskurapenean". Ekoizpen-sistema gehienak, herrialde guztietan antzekoak izanik ere, badituzte lekuan lekuko kulturaren eraginez jasotzen dituzten berezitasun batzuk eta guk berezitasun horien baitan sartu gura dugu gure proiektua. Eibarrek baditu, hain zuzen ere, berezi egiten duten hainbat ezaugarri sozial, ekonomiko eta politiko: liberalismoa eta sozialismoa oso sustraiturik egon izan dira herrian, lantegi txikiz josita dago, urteetan zehar ia bakarrik armagintzari lotuta lan egin du, eta gerraz geroztik bizikleten eta josteko makinen ekoizpenean buru-belarri sartu da. Baina sarritan ondare materialera mugatzen gara, eta eraikuntza horietan lan egin zutenen ahotsa alde batera lagatzen dugu, ahozko ondarea ahaztu egiten dugu, eta horixe da, hain zuzen ere, gure helburua.


Eibarko Euskararen Ezaugarri Fonologikoak

Eibartarren Ahotan proiektuan egindako grabazioak oinarri hartuta, Eibarko hizkeraren ezaugarri nagusiak aztertzeko aukera ere izan dugu. Honezkero kalean dira Eibarko aditza, deklinabidea, kantuak eta toponimia aztertzen dituzten lanak. Oraingo honetan, Eibarko Euskararen Ezaugarri Fonologiko Nagusiak aztertzen dituen lana osatu dute Aintzane Agirrebeñak eta Asier Sarasuak. Horixe zen Eibarko ezaugarri eta berezitasunen artean, aztertzeke zegoen bakarretakoa. Eibarko euskararen ezaugarri orokorrak eta kokapen dialektologikoaren inguruko datuak ere ematen ditu lanak.


Sabor de antaño

Euskal Herriko Unibertsitateak, Gizarte Lanen Eskolaren eskutik, euskal kultura eta etnografiari buruzko artikuluak biltzen dituen liburu bat kaleratu du. Bere izena, "Sabor de antaño: notas sobre identidad local, actualización etnográfica y desarrollo cultural". Liburu horretan Euskal Herrian martxan dauden proiektu etnografiko nagusien berri ematen da, eta horien artean dago Eibartarren Ahotan proiektua. Liburua 2003an argitaratu da, baina artikulua 2001ean idatzitakoa da. Kepa Fernandez de Larrinoa izan da argitaratzailea. ISBNa: 84-7681-388-0. Jaitsi PDFa (225 Kb).





Edukien gaineko eskubideak
Castellano Euskaraz