|
 |
|
Eibartarren Ahotan proiektua 1999ko udan hasi zen martxan ahozko ondarea jasotzeko asmoarekin. Helburua, Eibarko eta inguruko herrietako nagusiekin hitz egin eta antzinako ipuin eta kontuak bideoz jasotzea: ohiturak, bizimodua, sinesmenak, lanbide zaharrak.... Eibartarren Ahotan proiektuaren bitartez, ahozkotasunean jaio eta bizi izan diren azkenengo hiztunen hitza jaso nahi dugu. Beraiek osatzen dute Euskal Herrian (eta Europan oro har) atzen 100 urteotan jazo diren aldaketa teknologiko eta sozialak bizi izan dituen belaunaldia. Helburua ez da anekdota hutsak jasotzea, herriaren memoria kolektiboa batzea baizik.
Asmo nagusia, hurrengo belaunaldiei XX. mendearen lehenengo zatiaren bizimoduaren ñabardurak eta alderdi desberdinak zehatz-mehatz, protagonisten ahotan, jasoko dituen ikusentzunezko artxibo eta datu-basea lagatzea da, zaletuen gozamenerako eta adituen (filologo, historialari, etnografo zein soziologoen) azterketarako. Azken batean, Eibartarren Ahotan moduko proiektu batek, helburu bi betetzen dituelako: historia kolektiboa jasotzea (ipuinak, kondairak, ohiturak eta bizipenak), eta galzorian dagoen euskara jator eta dotorea batuko duen ahozko artxibo bat osatzea, hizkuntzalari zein irakasleentzat guztiz erabilgarri izan daitekeena.
(Candido Eguren eta Antonio Sarasua, gure lekukoen artean bikainenetakoak)
Lan honek lau ardatz nagusi dituela esan daiteke: metodologia zehatz batekin informazioa jaso (hitza, irudia, argazkiak...), informazioa landu (aztertu, kodifikatu, transkribatu, sailkatu, guztia bilduko duen datu-basea antolatu...), batutakoa gorde (euskarri digitalean, erabilgarriagoa izan dadin eta betirako iraun dezan) eta hori guztiori hedatu (bideoak, artikuluak, internet...). Eibartarren Ahotan proiektuaren barruan 2000-2002 epean egin direnak lau ildo horien baitan gauzatu dira. Orain arte 100 lagun inguru elkarrizketatu dira (400 grabazio ordu gutxi gora-behera), eta gehiena kodifikatu eta datu-basean sartu da.
Proiektuak Eibarko Udalaren eta Eusko Jaurlaritzaren babesa eta diru-laguntza jaso ditu, eta Ego Ibarra Batzordearen magalean ari da gauzatzen. 2002ko otsailaren 6an egin zen Eibarko Kultura Etxean proiektuaren aurkezpen-ekitaldia, Kultura Sailburu den Miren Azkarate anderea bertan zela.
(Eibartarren Ahotan proiektuaren aurkezpena, 2002-II-6. Argazkian, Asier Sarasua eta Itziar Alberdi ikerlariak, Iñaki Arriola Eibarko alkatea, Miren Azkarate Kultura Sailburua, eta Nerea Alustiza Ego Ibarra batzordeburua.)
PROIEKTUAREN HELBURUA
Gerra zibilak bitan zatitu zuen XX. gizaldia eta zeharo aldatu zuen Eibarko eta eskualdeko bizimodua. Gerra aurreko Eibar, herri berezia zen; politikan, kirolean, kulturan zein ekonomian izaera berezia zuen hiri txiki bizia. Garai hartako datu historikoak artxibo eta agirietan ditugu, baina orduko bizimodua, sentimenduak, ohiturak eta nahiak gizon-emakume horien ahotan besterik ez ditugu aurkituko. Sasoi hura ezagutu zuten gazteek 80-90 urte inguru dituzte gaur egun, eta beraien testigantzak batzeko ezin dugu larregi itxaron. Elkarrizketatzen ditugun lagunak, gainera, protagonista izan ziren gure herriko kulturan, bizimoduan, politikan eta kirolean. Beraz, lehenengo pertsonan egiten digute berba. Beraiek orain eskaini dezaketen ahozko informazio hori beste inon ez dugu batuko.
Proiektuaren helburua bat bakarra, beraz, Eibarko eta inguruko herrietako nagusiekin hitz egin eta antzinako ipuin eta kontuak bideoz jasotzea: ohiturak, bizimodua, sinesmenak, lanbide zaharrak, e.a... Gure asmoa, hurrengo belaunaldiei XX. mendearen lehenengo zatiaren bizimoduaren ñabardurak eta alderdi desberdinak zehatz-mehatz, protagonisten ahotan, jasoko dituen ikusentzunezko artxibo eta datu-basea lagatzea da, zaletuen gozamenerako eta adituen (filologo, historialari, etnografo zein soziologoen) azterketarako.
LANAREN URRATSAK
- Elkarrizketatuak izango direnen zerrenda osatu
- Elkarrizketak burutu
- Zintak laburtu eta kodifikatu; ondoren zinten zatirik
interesgarrienak transkribatu
- Argazki bilduma osatu
- Lexiko bilketa, etnotestuak oinarritzat hartuta
- Datu-basearen egitura zehaztu eta osatu
- Digitalizazioa (audioa, bideoa, argazkiak)
- Bildutako informazioa hedatu (artikuluak, liburuak, bideoak, multimedia, internet...)

Aurreko helburuok betetzeko, proiektuan zehar eman beharreko urrats eta eginkizun guztiak ezin ditugu laburpen honetan sakon azaldu, baina aipa ditzagun labur bada ere, konturik interesgarrienak.
a) Dokumentazioa eta bibliografia aztertu; gaiak zehaztu eta galdetegiak atondu
Lehenengo eginkizuna, elkarrizketetan aztertu beharreko gaiak aldez aurretik ezagutu eta jorratzea izan da. Bibliografia zabala landu behar izan dugu horretarako, tartean, Udaleko Artxiboan gure lanerako interesgarria den materiala irakurri, entzun eta aztertu dugu. Ondoren, gaiak aukeratu eta galdetegiak idatzi behar izan ditugu. Gure herriaren eta eskualdearen alderdi interesgarrienak atera nahi baditugu, galdera berezi eta zehatzak behar-beharrezkoak dira. Bibliografia atala
b) Elkarrizketatu behar diren pertsonak zeintzuk izango diren zehaztu eta elkarrizketak burutu
Lehentasuna ematen diegu (arrazoiak nabariak dira) nagusienei, makal samar daudenei, gure eskualdean jaio eta bizi direnei eta emakumeei (orain arte gizonezkoek lehentasuna izan dutelako beti). Sarritan, herri bakoitzak bere nortasun bereziaren berri emateko, lekuko interesgarri eta esanguratsuenak “aukeratzen” ditu. Izen batzuk beti agertzen dira informatzaile guztien ahotan. Horiengana jotea ere ezinbestekoa da. Industriari dagokionez, lehentasunen artean, jakina, eskualdeko bereizgarri diren lanbideetan parte hartu izan duten gizon-emakumeak aukeratu ditugu. Ezinbestekoa izan da, gutxienez, lau esparru lantzea: armagintza, damaskinatua, bizikleta eta josteko makinak. Gutxi dira Eibarren alor horietan lan egin ez dutenak, eta badugu, beraz, non aukeratu.
Grabazioak bideoz eta minidisc-ean egiten ditugu. Audioa bakarrik grabatzeak baditu zenbait abantaila (praktikotasuna, jende nagusia ez da horrenbeste beldurtzen), baina elkarrizketak bideoz ere grabatzea askoz interesgarriagoa iruditzen zaigu: irudia beti da didaktiko eta erakargarriagoa, elkarrizketatuen azalpenak askoz biziagoak dira, eta dibulgazio esparrua handitzen du.
Ahozko-lekukotasun hauetan edukiak interes handia izaten duen arren, ezin ditugu isiluneak gutxietsi. Zer esaten den, nola esaten den eta esaten ez dena kontuan eduki behar izaten da. Esaten denaren eta ez denaren, edo desberdin kontatzen denaren arteko distantzia zein den jakitea ere beharrezkoa da testigantza hauen indarra denboran zehar mantendu ahal izateko. Gure helburua ez da loturarik gabeko historia desberdinak batzea, ahozkotasunaren bitartez nortasun sendoa duen talde baten oroimen kolektiboa batzea baizik.
Guztira 300 ordu inguru grabatu ditugu, bideoan eta minidisc-ean. Horrez gainera, proiektua hasi aurretik Eibarko Udalera heldu ziren beste 100 audio-zinta inguru ere badaude, guztiak Eibarko Udaleko Ahozko Bilduma honetan. Beraz, une honetan Eibartarren Ahotan Bilduman, 100 laguni egindako 310 zinta ditugu (400 ordu inguru).
c) Zinten laburpena eta kodifikazioa
Zinten transkribapena egiten hasi aurretik, Udal Artxiboan zeuden zinta guztiak katalogatu eta bakoitzari fitxa bat egin diogu, datu hauek jasoz: zintaren kodea; elkarrizketatuaren izena eta jaioteguna; elkarrizketa non, noiz eta nork egin duen; zintaren iraupena eta kalitate teknikoa; minutuz minutuko laburpena (minutua, hizpide izan den gaia, laburpena eta garrantzia). Azken laburpen edo kodifikazio hori da interesgarriena. Bertan, zehatz-mehatz eta minutuz minutu, zinta bakoitzean zer gai jorratzen den, nola jorratzen den eta interesik duen ala ez aipatzen dugu.
Esku artean ditugun (bideo)zintetako informazio guztia eroso erabiltzeko, derrigorrezkoa da grabazio bakoitzarentzat laburpen-fitxa hori egitea eta informazio guztia bilduko duen datu-basea antolatzea. Datu-base horrekin, edozein gai zein zintatan eta zinta horren zein minututan dagoen jakin dezakegu. Lan astuna izan arren, asko errazten du hurrengo urratsetan ahozko dokumentuaren erabilera. Zinta baten transkribapena egiteak, esaterako, denbora asko behar izaten du eta beraz, hobe da grabaketa bakoitzetik eta kodifikazioaren laguntzaz, interes gehien duten pasarteak aukeratzea eta horiek transkribatzea.
d) Argazki bilduma osatu
Hasierako helburuen artean ez zegoen argazki zaharrak batzerik. Hala ere, aurreneko egunetik ikusi genuen informatzaile gehienek argazki zahar ugari zituztela (Eibarren bi argazki-denda zeuden 1914. urterako), eta argazkiok garrantzi historiko izugarria dutela. Argazki horiek gainera, hiztunekin jasotako informazio eta irudien osagarri dira. Denak interes handikoak eta, gainera, dokumentatuta (lekua, argazkilaria, data, zeintzuk agertzen diren, zergatia...). Hementxe dituzu batzuk, adibiderako.
Argazki guztien artean, noski, aukeraketa egin behar izaten dugu. Zaharrenak eta interes historiko handiena dutenak jasotzen ditugu. Eskaneatutako argazki dijitalak (eta euren inguruko informazio guztia) beste datu-base batean sartzen ditugu, gaiaren, dataren, argazkilariaren eta emailearen arabera sailkatuta, bere ezaugarri eta datu guztiekin: identifikazio kodeak, ezaugarri fisiko-teknikoak, azalpenak, etb. Horrez gain, guk jasotako informazioa biltzen duen datu-basearekin eta Udaletxeko beste fondo batzuekin (Castrillo-Ortuoste Argazki Fondoa, besteak beste) ere bateragarria da eta laster herritar orok erabiltzeko modukoa izango da.
Horrekin batera, informatzaile batek, 1945-1955 bitartean grabatutako 8mm eta 16mm-ko pelikula zaharrak laga dizkigu (10 ordu inguru), garai hartako bizimoduaren lekuko: ezkontzak, jaiak, lasterketak, futbol partidoak, musika bandaren jaialdiak...e.a. duela 50 urteko Eibar nolakoa zen erakusten diguten irudiak.
e) Lexiko bilketa; etnotestuen garrantzia
Hain gizarte-aldaketa sakonak izan dituen mende honetan, hainbat lanbide gelditu zaizkigu ahantzita, zokoratuta. Aintzat hartu behar da bizitzaren eremu bakoitzari bere hizkera berezia dagokiola, eta hortxe dago, hain zuzen ere, hizkuntzaren aberastasuna, bizitasuna. Horregatik, aparteko arreta eskaini diogu bertako euskarari eta hainbat arlo eta lanbideetako lexiko aberatsa biltzeari: baserriaren ingurukoa, lanbide zaharrena, armagintzakoa, industria tradizionalarekin eta artisautzarekin zerikusia duena, naturaren ingurukoa (sendabelarrak, perretxikoak, ehiza....), e.a.
Elkarrizketa etnografiko-historiko orokorrak egiteaz gainera, lexiko espezializatua biltzeko eta zenbait kasutan produkzio prozesuak jasotzeko, inkesta zehatzak ere egiten ditugu. Galdetegi berezi horien bitartez, gaur arte gutxi ezagutzen genituen zenbait esparrutako hiztegia jorratu dugu, ahalik eta berba zerrenda zabalena biltzeko asmoarekin. Baina hitz-zerrenda hutsen garrantzia murritza da. Benetan interesgarria dena, hitza bere osotasunean jaso eta ulertzea da. Honela, hitzarekin eta esapideekin batera erabilera esparrua ere jasoko duten etnotestuak biltzen dihardugu. Testuinguruaren mugak gizarte baten bizipen, ohitura, gertaera, sineskera eta bizimoduen esparruan kokatzen badira, testua ez da testu soila izango, etnotestu baizik, eta hitzak bere osotasuna izango du.
Eibarko Hiztegi Etnografikoa.
f) Sailkapena
Hasieratik ikusi genuen batutako informazio guztia modu egokian antolatuko zuen datu-base baten beharra. Dagoeneko datu-basearen oinarri informatikoa zehaztu dugu eta jasotako informazioa bertaratzen hasi gara. Hauxe da, beharbada, proiektu honen alderdirik berritzaileena, euskarri eta informazio-iturri ezberdinak bateratzea (bideoa, argazkiak, testuak, hitza, 8mm-ko pelikula zaharrak....), bai informazio hori antolatzeko orduan, bai gerora, dibulgatzerakoan. Asmoa, hurrengo belaunaldiei XX. mendearen bizimoduaren ezaugarri eta alderdi desberdinak zehatz-mehatz, protagonisten ahotan, jasoko dituen ikusentzunezko artxibo eta datu-basea egitea.
Eibartarren Ahotan Datu-Basea.
g) Bildutakoaren hedapena
Hauxe da proiektu honen helburu nagusi eta atzena, dibulgazioa, herritarrei galtzen ari den historia, kultura eta etnografia aberatsa erakustea. Hemendik aurrera, hainbat argitalpen posible aurrikusten ditugu, beti ere euskarri ezberdinetan. Hori da bete nahi dugun oinarrietako bat, informazioa ahalik eta jende gehienarengana iristea, zahar nahiz gazte, aditu nahiz zaletu.
Honezkero, zenbait produktu kaleratu dira: herriko aldizkarietan artikulu laburrak idatzi ditugu; Errepublikaren 70. urteurrena zela eta Eibarko Udalak antolatu zen erakusketarako “Republikia 1931-2001” diaporama eta bideoa ere egin genituen; “Eibarko Hiztegi Etnografikoa” kalean da; Eibarko euskaltegietan material didaktiko modura erabiltzen den bideoa ere ikasturte honetan martxan jarri da. Horrez gain, proiektu honetan batutako informazioaren zati bat interneten ikusgai egongo da laster, eta gutxinaka-gutxinaka informazioa gehitzen joango gara.
Hedapena atalera.
|
 |