| |
 |
|
Martitzenetan Berbetan programa barruan maiatzean antolatuko den hitzaldiaren gaia musika izango da, eta hain zuzen ere, errenazimendu garaiko doinuak.
Hitzaldia Portalea kultura etxeko areto nagusian, maiatzaren 11an arratsaldeko 19:30etan.
Pello Zabala fraile eta musikazale ezaguna izango da hizlari, eta bere hitzaldiaren izenburua, Feudalismotik mezenazgora musikan, berpizkunde garaia. Bere hitzak hobeto ulertzeko, musikari ezagun eta ez hain ezagunen pasarteak entzuteko aukera ere izango da.
Pello Zabalak XIV eta XV gizaldietara eramango gaitu. Garai horretan, jauntxo feudalen gaztelu eta gorteetan, trobadoreak eta musika polifoniko sakroa dira musikaren munduan abiatzeko oinarria. Sasoi honetan ia-ia ez dago instrumentista talderik, Baina feudalismotik errenazimenduko mezenazgorako bidean, lehenengo orkestrak agertuko dira, eta sekulako garapena egon zen musika estiloetan zein tekniketan. Produkzio musikala ere izugarri handitu zen.
Ondorengo lerroetan, ...eta kitto! aldizkarian kaleratu duten elkarrizketa (2004-05-07):
PELLO ZABALA, musikan aditua: "Errenazimenduko musika ezaguna izan dadin nahi dut"
Pello Zabala Arantzazuko abadeak musikari buruz jardungo du maiatzaren 11n, Martitzenetan Berbetan hitzaldi zikloaren barruan, Portalean arratsaldeko 19.30etan. "Feudalismotik mezenazgora musikan, berpizkunde garaia" titulupean garai honetako musikari buruz hitz egingo du eta azalpenez gain, berbaldia garaiko musikarekin apainduko du.
- Eguraldia dela eta zara ezaguna. Musika ikasi egin duzu ala afizioa da?
Eguraldiagatik gehiago ezagutzen naute, baina eguraldiaren asuntoa musikaren geroko zerbait da. Musika txikitatik gustatu izan zait, eta
ikasketak ere baditut: piano eta organo karrerak ikasi nituen eta konposizioan, batez ere armonian, ezagutza badut. Arantzazun kantatzen diren abestiak nik neuk konposatu nituen, beraz, musika munduan lan isil asko egin dudala esan dezaket. Instrumentu asko jotzen ditut eta 20 urte daramatzat Euskadi Irratian musika programa batean lanean. Saio hauekin musikaren historia asko errepasatu dut urte guzti hauetan; historia asko dakit.
- Zergatik aukeratu duzu feudalismoaren garaia?
Nik ez dut gaia erabaki. Joan den urtean unibertsitatetan klaseak ematen nituen eta gai hau landu genuen. Gaia kurisoa denez, honi buruz aritzea egokia zela iruditu zitzaien hitzaldiaren antolatzaileei. Errenazimenduaren aurreko garaiak laino artean galduta daude eta mende hauei buruzko informazioa ezagutzera eman nahi dugu. XI.mendetik XV. edo XVI. mendera arte urte asko daude eta denbora horretan gertatu ziren gauzak jakitea interesgarria izan daiteke.
- Nolakoa izango da emango duzun hitzaldia?
Esan bezala, errenazimenduko musikaren inguruan jendeak ez daki asko eta urte hauetan musikak jasan dituen aldaketei buruz hitz egingo dut. Musika gehiena jauregi edo errege bati lotua dago. Gerrak amaitutakoan edota hileta mezetan dago abesti askoren iturburua. Elizan zegoen musikaren hainbat ezaugarri azaltzeaz gain, doinu hauek jarraitu duten bidea azaltzen ere saiatuko naiz. Bestalde, garaiko abestiak entzungo dira hitzaldian eta dena esplikatu baino gehiago, musika entzungo dugu eta historiari buruz arituko naiz.
- Zeintzuk dira musikan bereizten diren garairik garrantzitsuenak?
Era oso desberdinak daude. Feudalismoa eta berpizkunde garaietan musika herrikoia gazteluan egiten ziren festatxoetan entzuten zen; elizako kantak oso sinpleak ziren eta errenazimendua heltzean, dagoeneko musika ikasia egiten zen. Garai hartan lau edo sei ahotsetan abesten zen, polifonia ere ezagutzen hasi ziren... 1500. urtetik aurrera beste mundu bat sortu zen musikan. Gero barrokoa etorri zen, trebezia eta heldutasunez betea, eta horrela, modernoraino.
- Euskal Herrian zeintzuk dira instrumentu tipikoenak?
Hemengoak txistua eta alboka dira. Gainerakoak kanpotik ekarriak dira. Trikitixa, adibidez, ez da izatez Euskal Herrikoa, baina gurea balitz bilakatu da, euskaldunok hau egiteko abilidade handia daukagu eta. Errusiarrak eta zeltak oso antzekoak dira. Egia esan, andaluza eta musika afrikarrez gain, beste guztiekin antzekotasuna dago, gehienbat iparraldeko herrialdeekin.
|
 |