Eibar kultura ondarea historia  > Ego Ibarra Batzordea  > Hitzaldiak eta Aurkezpenak  > Iñaki Linazasoro


































Iñaki Linazasoro
   

Iñaki Linazasoro Maté. Zumarragan jaioa, 1931ko abenduaren 19an. Idazlea eta hizlaria. Hogeitasei liburu ditu idatziak, eta artikulu mordoa (1.500 inguru) argitaratuak, batez ere, Unidad, La Voz eta El Diario Vasco argitalpenetan. El Diario Vasco egunkariko ohizko laguntzaileetakoa da. Tolosako alkate izan zen 1978tik 1983ra bitartean.


Liburugintza

Bere lanik handiena Gipuzkoako alderdirik nabarmenenak lantzen egin du, eta baita umorea jorratzen ere. Hona libururik garrantzitsuenen aipamena:

  • El alma ríe (1968)
  • La otra Guipuzcoa (1969)
  • Jaizkibel gastronómico (lankidetzan egina)
  • Boga, boga por el Báltico (1969)
  • Hatxe gabeko umoria (1970)
  • Setas-Perritxikoak
  • V. de Urretxua, ayer y hoy (1974)
  • La Navidad en Guipuzcoa (1974)
  • 50 excursiones de arte y paisaje (1977)
  • José María Iparraguirre (1977)
  • Aralar (lankidetzan egina)
  • Alborada (1978)
  • Historia y guía de Tolosa (1979)
  • Zumarraga. El templo de Andra Mari
  • Los pueblos más bellos de España (lankidetzan egina)
  • Gipuzkoako oiturak
  • La casa blasonada en el País Vasco (1982)
  • Descubra España (lankidetzan egina)
  • Gipuzkoa biotz-begietan (1983)
  • Tolosa pueblo musical (1985)
  • Apellidos vasco-colombianos
  • Episodios municipales (Nobela, 1986)
  • Centenario Colegio San José de Tolosa
  • Santa María de Tolosa
  • Caseríos de Gipuzkoa
  • Casas Consistoriales de Gipuzkoa
  • Ibarra, erabateko herria.


Iturria: Zumarragako udalaren Aldizkaria.


Elkarrizketa

Hona hemen Aldizkari horretan bertan Iñaki Linazasorori egindako elkarrizketa.

Galdera: Nola iritsi da zumarragatar bat Tolosan hain erro sakonak egitera?
Erantzuna: Hainbat kultur jarduera zirela medio iritsi nintzen: musika eta kultur jaialdiak antolatu eta aurkeztera, Nazioarteko Perritxiku Asteak zirela eta, eta gaur egun ospetsu egin den Abesbatza Lehiaketa aurkeztera etorrita. Eta horiek guztiak sosik kobratu gabe.

G: Nolatan aukeratu zintuzten Tolasan Alkate? Zein zen garai hartako giro eta eginkizun politikoa?
E: Garai hartako giro politikoaren ezaugarri nagusia idealismoa zen, frankismoa bukatu eta demokraziaren hasiera hartan amesten zen giroa. Hala, 1977an, Tolasako Udalean bost zinegotzi gelditu ziren, eta ez zegoen erabakiak hartu ahal izateko gutxieneko quorum-ik, eta alderdi politikoen artean adostuta Udal Gestora jarri zen martxan, eta era horretan suertatu nintzen Alkate-Udalburu. Bi urte beranduago, lehenengo hauteskunde demokratikoak izan ziren, eta EAJk zerrendaburu aurkeztu ninduen, eta halaxe izan nintzen alkate beste lau urtetan. Gainerakoan, zer giro eta zein baldintza? Bada, esan dizudana, idealismo haundia, politikarien artean eskarmenturik eza nagusi, eta talde erradikalak eromenaren zurrunbilo zoroan bueltaka. Horixe izan zen ia sei urteko agintaldi (nolabait deitzearren) hartan ezagutu nuena. Sei urte haietan, Tolosako kaleetan bakarrik, ETAk hamar lagun hil zituen (bederatzi behaintzat erreibindikatuak) eta bi bahiketa egin.

G: Zu politiko profesionala zinen ala zaletua bakarrik? Zer iritzi daukazu gaur egungo politikoei buruz eta politika egiteko moduari buruz?
E: Sekula ez nuen politikan kargurik izateko asmorik izan. Gure etxean oso esperientzia txarra izan genuen politikagintzarekin, etxean euskaraz egiten genuen (bakarrenetakoak Zumarragan), eta euskal giroan bizi ginen etxean baina ideologien gaia alde batera uzten saiatzen ginen. Gaur egungo politikariak prestatuago daude alderdien politika egiteko herrigintzan aritzeko baino. Egindako lana ikusten da. Gure herriak asko hobetu dira, zerbitzuak, kaleak, berdeguneak, .. baina egia da, eta hala esan behar da, lehenengo legealdi demokratikoan, 79-83 urtetan baino urteko zazpi aldiz aurrekontu haundiagoa dute gaur egun.

G: Politika kontua utzi orain alde batera, eta zer duzu gogoan zue gazte garaiko Zumarraga hartakoa?
E: Bi gauza nabarmenduko nituzke batez ere: kanpotik etorritako hainbeste eta hainbeste jenderi Zumarragak emandako ongietorria, eta gerra ondorengo eskasi urte haietan gazte eta neska-mutilok gratis et amore egiten genituen hainbat eta hainbat jarduera.

G: Eta Zumarraga nolakoa ikusten duzu gaur egun?.
E: Mende bukaera honetan, Zumarragako herria ilusioz bete ikusten dut, pausoa sendo, aurrerapenei eta europear izeateari erantzuteko teknikoki ongi prestatua. Penagarria da, baina kultura mailan ez ditut nire herritarrak teknika mailan bezain prestatuak ikusten. Hori, jakina, nire iritzia baino ez da, gustora aldatuko nukeena, baldin ikusiz gero ...

G: "Eusko Izarra" zure jaoitetxea bota egin dute bertan etxebizitzak egiteko. Zer iritzi duzu horretaz? Dena al da baleko, aurerapenaren izenean?.
E: Aurreko galderari erantzundakoak badu du honako honekin ere zerikusia. Eusko Izarra, nire jaoitetxea, bere euskal landetxeen arkitekturarekin, Zumarragako etxerik adierazgarriena zen, Guibert arkitektoaren esanetara, 1926an eraikia. Badira Gipuzkoan beste etxe batzuk arkitekto berak eginak, Azkoitin, Zarautzen, eta baita Getariako hondartzaren gainean ere, bera bizi den etxea. Izango bagenu guztiok kulturako gaiei buruzko sentsibilitate apur bat gehiago, Eusko Izarra bezalako etxe adierazgarri bat ez zatekeen botako, eta erabilera publikoren bat eman, edo zerbitzuren bat eskaintzeko prestatuko zatekeen. Oinordekotzaren zazpitik bat zen nik saldu nuena, eta beraz ez zen asko, baina aritu nintzen arren etxea eta ondoko saila zenbait aurrezki kutxa eta erakunderi eskainka, inork ez zuen nahi izan. Botata ikusteak bihotzean min egin zidan, eta gaur egun ere, oraindik, saiatzen naiz jaio nintzen tokira itzuli gabe pasatzen. Zer utzi behar diegu guk ondorengoei? Nik uste dut Eusko Izarrari zutik eustea adina merezi zuela.

G: Aipa ditzagun idazle lanak. Nondik norako zaletasuna duzu?. Zer zara, historialaria, berriemalea, berbalapikoa, ...? Nola ikusten duzu zeure burua?.
E: Berezkoa dudala esango nuke idatzi beharra, gauzak kontatu beharra, nire maitasuna postaz adierazi beharra. Eskolan nenbilela ere, banuen neure egunerokotxoa, ikaskide guztiek irakurtzen zutena. Garai hartan maestria eta perito mekaniko ikasi nituen, amorru handirik gabe, egia esan. Niri benetan gustatzen zitzaidana beste gauza bat zen, nire inguruan gertatzen zen guztiaren testigantza jasotzeko notario izatea. Hogeitalau urterekin "LA VOZ" egunkari donostiarrean Zumarraga eta Urretxuko berriemalea nintzen. Handik bi urtetara, Gipuzkoako herrietan zehar nenbilen egunkariak eskatutako erreportaiak idazten, nik neuk egindako argazkiekin osatuak (4.000 argazki baino gehiago ditut neure artxiboan gordeak). Jendeak gustora irakurtzen zituen nire kontu haiek. Gero zenbait elkarrizketa egin nituen, bertso jaialdien berri eman, jaialdien erreportaiak, e.a. Badira hogeita hamar bat urte "EL DIARIO VASCO"ra pasa nintzela, eta oraindik ere, hasi berritan adinako pozarekin idazten dut nire zatitxoa asteazken eta larunbatetan. "Turismoko Kazetari eta Idazleen Nazioarteko Federazioak" emandako kazetari karneta dut. Nola ikusten dudan neure burua?. Larrekoa, noranahikoa, agiri artean endreatzen ibilia (ez gehiegi), etnografiaren eta antropologiaren arloan zenbait azterlan egina, ezagutu dudan Euskal Herriaren eta ikusi dudan munduaren berri ematen saiatu naizena, eta batez ere, gizakiaren alderdirik sakonena jasotzen saiatu izan naiz, eta hala dauzkat 3.000 pasadizo inguru jasoak, bapateko erantzunak, esaldi paregabeak eta baita parregarriak ere, guztiak inguran gertatu edo ezagututakoak.

G: Azken aldian jende gaztea azaldu da herriko historia aztertzen. Nola ikusten duzu herriko historiaren azterketa? Zein alde dago garai bateko "historialari" izan zareten A.C.Jakak edo zu zeuk egindako lanaren eta gaur egun A.Pradak egiten duen lanaren artean?
E: Nik uste dut berez dela ona, eta neu poztu egiten naiz, A.C. Jaka bezalako lagunak, edo A. Prada bezalako gazteak - esan, artxibozain oso ona iruditzen zaidala- herriko historia aztertzen ikusita. Hala ere, historia hutsa, ogi hutsa bezalakoa gertatzen da, lehorra, eta hartarakoa ez denak, azkenean, ez du irakurtzen. Nire joera beste bat izan da beti, gehiago landu izan dut historiaren zabalkundea, historia ezagutzera ematen saitu izan naiz. Denontzako dago zeregina, eta komeni dena da danerako egotea aztertzaileak eta irakurleak.

G: Nahikoa egiten al dute udalek herrian-herriko historia aztertu eta ezagutzera emateko?. Politikariek lan gehiago egin behar al lukete herriko historia aztertu eta belaunaldi berriei ezagutzera emateko?.
E: Nik esango nuke, gure udalak lan handia ari direla egiten herrian herriko historia ezagutzera emateko. Ikusi besterik ez dago udalen babesean zenbat liburu ari diren argitara ateratzen. Nik aholku bat emango nuke, izan ere bi lan ikusten ditut egiteko: egiten diren azterketak laburbildu beharra batetik, eta bestetik, mezua "erreztu" eta eskolen bidez ezagutarazi.

G: Asko ibilia zara batean eta bestean. Kontaiguzu hortik zehar zabiltzala gertatu eta gogoan gelditu zitzaizun zerbait.
E: Argentinako errepublikara nindoan zazpigarren aldia zen, 1998ko abendua. Berrogei laguneko talde baten gidari nintzen, gehienak euskaldunak, eta han goaz Ushuayan, munduaren hegoaldeko barrenean dagoen hiriko kaleetan zehar. Sartu gara ezertarako balio izaten ez duten oroigarri horietakoak saltzen dituzten denda batean, eta bertako andreak kasu egin zigun. Batek bat hartu besteak bestea, ezer berezirik ez, betiko salerosketa. Ez al zituen euskarazko hitz batzuk entzun, han jarri zitzaigun zutik, eta barne indar izkutuko batek eraginda bezala, Gernikako Arbola abestu zigun, begiak malkoz bustita zituela (bere aiton-amonak Bizkai aldetik joanak omen ziren).

G: Zein parregarrikeria entzun duzu azken aldian?. Eta prentsan irakurri duzun azkeneko hankasartzea?.
E:: Azkeneko parregarrikeria? J. Bond-ek Bilbo Handia hankaz gora jarri duenekoa. Pentsa zelako eragina izan duen, Bizkaiko telefonoen arurrezenbakiak ere aldatu egin baititu. Aurrerantzean Bizkaiko telefono zenbakiak 007 zenbakiarekin hasiko omen dira. Prentsan irakurritako azken hankasartzea, berriz Italiako L'Espresso astekarian irakurri dut. Ibarretxe lehendakariak Gernikako Arbolaren azpian kargua zin egin zueneko argazkia ageri da, lehen planoan dantzaria aurreskua dantzatzen ari dela. Argazkiaren oinak hauxe dio: "Arte martzialak egiten ETAko gazteek Euskal Herrian azkenaldian eraso egindako Guardia Zibilen kuarteletako batean".

G: Zein proiektutan ari zara gaur egun?. Ezer eskainiko al diguzu epe laburrean Zumarragako herriarekin zerikusia duenik?.
E: Aspaldian gogoan dudan liburu bat idaztea "ZUMARRAGA, BIHOTZ-BIHOTZEZ" edo horrelako izen bat izango duena. Arlo asko jorratuko ditu liburuak, herriko historia nire oroitzapenekin osatua, eta herriko hainbat eta hainbat pertsonairen azterlan sorta. Eskertzekoa da, nire bizitzako azken urte nekatu hauetan, herrikidei nire oroitzapenak eskaintzeko sortu zaidan aukera.

Bapatekoak
G: Zer izan nahi zenuen ume zinela?
E: Misiolaria.
G: Zer egitea gustatzen zaizu astia duzunean?
E: Zer da astia izatea?.
G: Zein ezagutzea gustatuko litzaizuke?
E: Claudia Schiffer ... biok bakarrik garela.
G: Esateko moduko bizioren bat?
E: Bidaiak egitea.
G: Bete gabeko amatsen bat?
E: Urolako trenbidea ibilbide turistiko bihurtuta ikustea.
G: Maniaren bat?
E: Egunean hiru-lau aldiz hortzak garbitzea.
G: Zer duzu nahiago, gaua ala eguna?.
E: Egunsentia.
G: Jakirik gogokoena?
E: Edozein, lagun arte onean.
G: Ardoa ala ura?.
E: Ardoa, ahal izanez gero Errioxa arabarrekoa.
G: Zer da pertsonen artean gehien estimatzen duzuna?
E: Lagunurkoarekiko gizalegea.
G: Ikustera joateko toki bat?.
E: Zumarragako Ander Mariaren eliza, gaizki esanda "La Antigua" deitzen dioguna.
G: Bizitzeko toki bat?
E: Gipuzkoa, jaio eta bizi izan naizen tokia.



Edukien gaineko eskubideak
Castellano Euskaraz