Eibar kultura ondarea historia  > Ego Ibarra Batzordea  > Hitzaldiak eta Aurkezpenak  > Eskribautzen dokumentazioa itzultzea


































Eskribautzen dokumentazioa itzultzea
   

Eskribautzen dokumentazioa bueltatzeko hitzarmena sinatuko da Bergarako Udalaren eta Eibar, Soraluze eta Mutrikuko udalen artean

Noiz: 2006ko maiatzaren 24an, 12:30ean
Non: Bergarako Udaletxeko Pleno aretoan

Eskribautzen dokumentazioa. Zer da? Historia pixka bat

Eskribautzen dokumentazioa eskribauak bere eguneroko lanean sortutako agiriak jasotzen ditu. Eskribauak XIX. mendera arte fede publikoa ematen zutenak ziren, bai auzietan eta baita kanpoan ere. Horren ondorioz, eurak baimendutako agiriak kautotuta geratzen ziren eta agiri horien edukia egiatzat hartzen zen.

Eskribauak ziren auzietako idazkari lanak egiten zituztenak eta XIX. mendera arte Alkatea zen epaile - Frantziako iraultzaren ondorioz Europan botereen banaketa ezarri zen arte - eta dokumentazio hori udal agiriak dira.

Ikusten duzuenez, XIX. mendea aldaketa mendea izan zen, baina baita gerrate mendea ere: bertara frantsesak etorri zirenekoa, karlista gerrateak, eta abar. Horrek eragin handia izan zuen erakundeetan eta bakoitzaren eginkizunetan.

Hainbat saiakeraren ondoren, botere judiziala banatu egin zen betirako, eta Alkateak funtzio hori galdu egin zuen. Hori dela eta eraiki zen Bergaran epaitegi berria, lehen auzialdiko epaitegia hain zuzen ere.

Eskribautzen dokumentazioa numerotan

Metro linealak: 40
Kaxa kopurua: 316 kaxa
Espediente edo erregistro kopurua: 6.403
Hasiera eta amaierako datak: 1512-1866

Eibar: 3.477 expediente (1537-1866)
Soraluze: 1.499 (1539-1849)
Mutriku: 1.427 (1512-1862)


Nola heldu dira agiri hauek Bergarako udal artxibora?

Egia esateko ez dakigu zehatz-mehatz zer gertatu den; ez dago inongo agirik horri buruz. Jakin dakiguna zera da: Bergarako Udal artxiboa Epaitegian egon zela urte batzuetan eta 1981. urtean epaitegiko beheko solairutik Errekalde jauregira eraman zela. Epaitegian obrak egin behar zituztela eta, dokumentazioa, Udalak erosita zuen Errekalde jauregira eramatea erabaki zen. Leku aldatze hori egiterakoan Eibar, Soraluze eta Mutrikuko eskribautzen agiriak ere eramango zirelako susmoa daukagu.

Errekalde jauregian Udal artxiboak 3 gela erabiltzen zituen eta horietako batean horretan zegoen dokumentazio hau, gainontzekoa bezala kudeatuta eta gordeta.

Bergarako Udalak Udaletxearen berriztapen lanak egin zituenean eranskin bat egitea erabaki zuen udal artxibo zerbitzua jartzeko. Horren ondorioz, 1995. urtean dokumentazioa berriz ere mugitu zen, Errekalde jauregitik Udaletxera.

Nola bideratu da hitzarmenera heltzeko?

Argi egon da beti eskribautzen dokumentazio hau ez zela Bergarako Udalak sortutakoa. Horregatik, Eusko Jaurlaritzako Irargik BADATOR egitasmoa martxan jarri zuenean www.irargi.org dokumentazio hori ?Numerías? funtsa izenpean agertzen da. Datu base hori eratzeko gutxieneko informazioa jarri zen.

Lau udaletako ordezkariek elkartu izan gara gai honi irtenbide bat emateko. Argi zegoen lehenik eta behin dokumentazioa identifikatu behar zela eta horretarako inbentarioa egitea derrigorrezkoa zela, kaxa bakoitzean zegoena jakiteko.

Lan hori egiteko Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak eta Bergarako Udalak hitzarmen bat sinatu zuten. Horri esker artxibozain bat kontratatu zen 5 hilabetez. Inbentario hori erabili da gero oinarritzat bakoitzari zer dagokion jakiteko.

Horren guztiaren helmuga hilaren 24an sinatuko diren hitzarmenetan gauzatuko da.

Dokumentazioaren garrantzia

Agiri horiek oso garrantzitsuak dira gure ondarea direlako, gure historiaren lekuko. Hori guztia galdu izan balitz, XVI eta XIX. mendeetako informazioa askoz ere urriagoa izango litzateke. Agiriak gainera ezin dira ordezkatu.

Ikerketarako material ugari dago hemen; herri bakoitzeko datu interesgarriak, mota ezberdinetako ikerketetarako erabili daitekena: toponimia, lan arloa, konfliktibitatea, emakumea, tokiko historia eta abar.

Adibide gisa, 1720. urte inguruko dokumentu hau, euskaraz idatzitako bertso hau. Ohar hau dauka: "Querella y pleito criminal de Agustín de Ezenarro, boticario, contra Ángela y Ana María de Armona, madre e hija, residente y vecinas de la villa de Eibar, por componer coplas en perjuicio de él y su familia. Instancia: Alcalde ordinario de la villa de Eibar".


Adibide gehiago, PDF honetan aurkituko dituzun irudietan (PDF, 1 Mb)





Edukien gaineko eskubideak
Castellano Euskaraz