|
 |
|
Beste eginkizun batzuen artean, Ego Ibarra Batzordea agiriekin eta bestelako elementuekin osatutako Fondoak jasotzen eta berreskuratzen ere ahalegindu da. Gehienak partikularrek egindako dohaintzak dira (Eibartar ezagunek eta herriko erakundeek herriari utzitako fondoak), eta Udal Artxiboak kudeatzen ditu.
- Toribio Echebarria Fondoa. Fondo honetan Toribio Etxebarriaren idazlan guztiak daude. Etxebarriaren sormen lanetan dauden gai guztien artean ondoko hauek dira azpimarratzekoak: euskara, Euskal Herria, erlijioa, politikagintza, itzulpengintza, poesia eta bertsogintza. Bere garaiko hainbat pentsalari eta politikarirekin -Indalecio Prieto, Carlos Santamaria, Arizmendiarrieta...- izan zuen postatruke osoa ere bertan dago.
- Castrillo-Ortuoste Fondoa. 200.000 negatibo baino gehiago dira bilduma hori osatzen dutenak, neurri eta euskarri ezberdinetan (besteak beste, beirazko 10.000 plaka). Feliciano Castrillo Ortuostek 1997. urtean Eibarko udalari eman zion Fondo osoa. Argazkilaritzan jardun izan duen familia bereko hiru belaunaldiren lan guztiak biltzen ditu. Aipatzekoak dira 1936. urtea baino lehen egindako lanak, estudioko familia-argazkiez gain, Eibarko postal koloretu batzuk, herriko bizimoduari buruzkoak, gizartean orduko emakumeen parte hartzea islatzen dutenak, politika girokoak (Primo de Riveraren bista, Alcala Zamora, II. Errepublikaren aldarrikapena...) eta beste hainbat argazki baitaude. Une honetan, udala, Fondoa katalogatzen, zaintzen eta digitalizatzen ari da.
Informazio gehiago, ikerketak atalean.
- Ramon Sarasua Argazki-bilduma. Argazki-bilduma honek dituen mende hasierakoetan Eibarko hainbat pertsona ezagun eta ospetsu agertzen dira, baina Fondo horren gauzarik aipagarriena txirrindularitza da, izan ere, nazioarteko txirrindularitzaren historian betiko geratu diren izenak baitira bertan aurkituko ditugunak (Fausto Coppi, Anquetil...)
- David Arriola Sarasua. Eibarko Klub Deportiboaren kide eta bertako Mendi Batzordearen buru izandakoen senideek 1995. urtean eman zioten argazki-bilduma hori udalari; argazkiak, berak Davidek ateratakoak edo Indalecio Ojanguren eta Castrillo Ortuoste argazkilariek egindakoak dira. Bilduma horretan Eibarko baserri guztiei egindakoak dira aipagai.
- Ahozko Bilduma. Herriaren hainbat esparrutan zeresana eta zerikusia izan duten herritarren ahozko testigantzak dira bilduma horren ardatz. Politika, kultura, gizartea, ekonomia... gai asko jorratu dira eta pertsona batzuk aipatzearren, hona hemen: Benigno Baskaran (politikari sozialista), Timoteo Zubiate (Eibarko alkate 1928tik 1931ra), Migel Gallastegi pilotaria, Lucas Alberdi (eskultorea eta pintorea), Jose Mari Kruzeta (industriaria), Juanito Gisasola "Txoko" (Arrate Igoeraren antolatzailea). Une honetan Ahozko Bilduma horrek 400 grabazio-ordu baino gehiago ditu (100 audioan, 250 bideoan eta 50 mini-disketan). Grabazio gehienak Ego Ibarra Batzordeak ahozko ondarea biltzeko martxan ipini duen "Eibartarren Ahotan" proiektuaren baitan egindakoak dira.
Informazio gehiago, ikerketak atalean.
|
 |