Eibar kultura ondarea historia  > Ego Ibarra Batzordea  > Antolatutako erakusketak  > Gregorio Santa Kruz dantza maisua


























Gregorio Santa Kruz dantza maisua
   

(715Kb) (Klikatu bideoa ikusteko)

1998ko udazkenean, Gregorio Santa Cruz-en jaiotzaren mendeurrenean antolatu zuen erakusketa hau Ego Ibarra Batzordeak Eibarko Klub Deportiboko Kezka Dantza Taldearekin elkarlanean. Gregorio Santa Cruz dantza maisua liburuaren aurkezpenarekin batera ireki ziren erakusketaren ateak. Bertan, XX. mendearen lehen hondarretatik Eibarko dantzarien joan-etorriak jaso ziren eta dantza alorrean mendeak Ego ibarrean izan zuen protagonista nagusietako baten bizitza eta lanak aurkeztu ziren. Horrekin batera, euskal dantzen formulazio koreografiko adierazgarrienetakoak diren ezpatadantzen inguruko txoko bat prestatu zen erakusketan.

Gregorio Santa Cruz Ondarroan jaio eta 14 urterekin iritsi zen Eibarrera akabatzaile ofizioa ikastera. 1914ko maiatzaren 4an, Arrateko zelaian, izan zuten dantzari estreinaldia. Jose Abando, Patxi Aristorena, Saturnino Arriola Txirloia, Pedro Aginaga, Felix Aginaga, Castor Arriaga, Felix Lasa eta Gregorio Santa Cruzek osatzen zuten dantza taldea. Ortuoste argazkilariak erretratatu zituen zortzi dantzariak Arraten estrainekoz plazaratu ziren egunean.

Dantzariak Arrateko zelaian XX mende hasieran.
(Gregorio Santa Kruz Fondoa, Eibarko Udal Artxiboa).

1929an dantzari lanak atzean utzi eta ziklo berri bat hasi zen Gregorio Santa Cruzen bizitzan. Castor Arriaga bere adiskide minak lagunduta dantza talde bat prestatzeko lanari heldu zioten Eibarko Batzokiaren babespean. Harrezkero hamaika dantza talde prestatu zituen Santa Cruz dantza maisuak, eta ez Eibarren bakarrik. Gerra aurrean hasi eta gerra ostean jarraitu zuen dantza irakasten Eibarren eta inguruko herrietan, besteak beste, Mendaro, Elorrio, Arrasate eta Elgetan. Gerra ostean, Educación y Descaso eta Accion Catolica-ren auspoan, Eibarko Klub Deportiboan, Arrate Kultur Elkartean eta baita Corte Inglesean ere jardun zuen dantzariak prestatzen.

Gregorio Santa Kruz dantza maixua bere dantza-taldearekin, 1930 inguruan.
(Gregorio Santa Kruz Fondoa, Eibarko Udal Artxiboa).

Galduta zeuden Eibarko dantza zahar batzuk berreskuratzeaz gain (Ibarzabal arkudantza adibidez) berriak ere sortu zituen (Egoarbitzako makil-dantza, Arratera begira...). Horiek guztiak erakutsi eta argitaratu zituzten Ego Ibarrak eta Klub Deportiboak 1998an.

Oier Araolaza
Kezka Dantza Taldea
Eibarko Klub Deportibo



Edukien gaineko eskubideak
Castellano Euskaraz