
Errepublika

Pasionaria
|
 |
|
Anjel Lertxundi
Mundutarron gorabeherak ordenatzeko modurik justuena zuzen eta gizatsuena da errepublika. Hitz horiek idatzi bezain aise, ordea, horra non entzun dudan ahots zakar baten ziria auskalerriko bazterren batetik kantuan: Liberté, egalité eta fraternité, hirur gezur horiek egiak balire!
Zerurik espero ez duen poeta erdi zoro erdi zuhurraren kantuak Frantziako Errepublikaren errealitatea zuen begien bistan, baina liberté, egalité eta fraternité idealen utopia zuen amets; errealitatetik utopiara bitarteko amildegiaren handiak zorroztu zion ziria: ai, hirur gezur horiek egiak balire!
Poeten eremuari letren errepublika deitzea otu zitzaionak, idazle kastaren kaosa, anarkia, anabasa adierazi nahi bide zituen errepublika hitzarekin. Halatan, letren errepublika espresamoldea hizpide gaiztoko kontrastez osatutako esapide ironiatsua genuke: errepublika batek eman ditzakeen alderik txarrenen eredu eta biltegi dira poetak, horra esana. (.../...)
Errepublika utopikoaren mugak eta errepublika historikoarenak ez datoz inoiz bat, hori da kontua, eta bien arteko eremu zabal lanbrotsu hori du jorrabide letren errepublikak. Eibarren jaio zen errepublikaren aldeko artista eta idazleek bazekiten hainbeste. Errepublikazale agertu baziren, forma politiko ahalik zuzenenaren alde zeudelako izan zen. Baina bazekiten, halaber, askatasuna, berdintasuna eta anaitasuna utopia direla, giza talde bateko arauak denok ezagutzen ditugun legeak baino sakonagoak baitira izatez: gizarte batek beti antolatzen du bere buruaren defentsarako kontrol-sare ezkutua, eta sareko hari mehe-mehe horiek gaiztoagoak izan ohi dira legeak baino. Legeak egin, bozkatu, onartu egiten dira. Kontrol-sareko hariak, ez. Ikustezinak dira, baina legeek baino eragin handiagoa dute herrien garapenean. (.../...)
Nire aitaren etxea defendituko dut, idatzi zuen Gabriel Arestik, hori esatea disidentzia-modu nabarmena zen garai zailetan. Nola defendatzen da, ordea, aitaren etxea? Noiz, non, norekin, nora joateko? Zein da aitaren etxea, nolakoak ditu egitura, asentua eta neurriak? Aitaren etxea defendatzeko modu bakarra dagoela uste duenak, ez du Aresti ulertu. Eta, okerreagoa dena, ez du aitaren etxea ulertu. Halakoak egiaren jabe ikusten du bere burua, eta aitaren etxea defendatzeko modu bakarra, estua, mugatua, pitzadurarik gabea aldarrikatzen du eta ez ditu bere mugetatik kanpoko beste moduak onartzen. (.../...) Garaiko gizartearekin bat egitea balitz bezala hartu izan dugu konpromiso literarioa, idazlearen konpromiso nagusia bere inguruko uste, nahi eta programa garaikideekin bat etorri edo kontra egotea delakoan. Ulertzekoa da. Handiak izan ziren iragan mendeko aldaketa sozial eta politikoak; lazgarriak oso bi gerrateak; sakonera izugarrikoa bi gerrateen ondorengo amildegi espirituala. Horregatik, naufragoak oholari nola eutsi genion kompromisoari, uste baikenuen hura zela Adornoren kezkari (posible al da poesia, Auschwitz eta gero?) erantzuteko modu bakarra. Egia esan, mundua mundu denetik egin den galdera dugu Adornorena: zer ukendu-klase da poesia giza zaurientzat? (.../...)
Idazleok munduaz hitz egin behar dugu, ondo da. Baina neure buruari gero eta galdera sakonagoak egiten dizkiodan neurrian adieraz dezaket mundua; erantzunak ere gero eta ausartagoak ematen saiatzen naizen galgan. Ez da kontua mundua zuzen ikustea, edo ohitura den moduan ikustea, edo gehienek ikusten duten modu berean ikustea, nork bere moduan ikustea, eta ahalik eta tranpa gutxienarekin adieraztea baino. (.../...)
Mundutarron gorabeherak ordenatzeko modurik justuena zuzen eta gizatsuena da errepublika. Hitz horiek idatzi bezain aise, ordea, hor non entzun dudan ahots zakar baten ziria auskalerriko bazterren batetik kantuan:
Liberté, egalité eta fraternité, hirur amets horiek egia izan bitez!
Anjel Lertxundiren testu osoa "Republikia. 1931-2001" liburuan duzu irakurgai
|
 |