Eibar kultura ondarea historia  > Ego Ibarra Batzordea  > Antolatutako erakusketak  > Laixetan, Garixetan


























Laixetan, Garixetan
   

(825 Kb) (Klikatu bideoa ikusteko)

Eibarko baserriko bizimoduaren inguruko erakusketa hau 1997-1998 bitarteko Gabonetan antolatu zen. Eibarko Natura eta Etnografia taldea izan zen antolatzaile, Ego Ibarraren babesarekin, eta Eibarko baserrietan jasotako tresnak, lanabesak, eta ipuinak ipini ziren erakusgai. Hartarako prestatu zen egitarautik testu hau berreskuratu dugu:

Errotarriak mugitzen ziren garaia joan da. Gaur egun ez da dolare zaharretan sagardo eta txakolinik egiten, ez eta esnedunaren astoaren gorotzik kalean ikusten, ez dira izerdi eta nekez goldaketaren ondorioz malkarretan behera jausten ziren lurrak gurdietan gorantz garraiatzen.

Baserritarren bizimodua, lur eta abereen arteko erlazio bereziaren orekari eusten jardun zuten emakume eta gizon haiena, ia galdua da.

Dena aldatuz doanez, ez da bitxikeria gure herrian gertatu izan dena; gizaldi honetako hirurogeigarren hamarkadan izan zen "iraultza industrialak" hain beharrezkoa zeukan langileria erakarri eta hezi egin zuen. Espainiatik etorritakoek eta lan ordutegi erosoagoa nahiago zuten baserriko seme-alaba askok bizimodu berria antolatu zuten.

Lantegi zaratatsuetan jornala irabazi ondoren ganadua gobernatzera baserrira itzultzen zirenak ez ziren gutxi gure herrian.

Kultur ezagupen zabaleko herria izan dugu Eibar. Hemen, toki askotan ez bezala, elkarrekin bizi izan dira industria eta baserria, barautsa eta goldea, txirbila eta satsa, trokela eta dolarea. Baina elkarbizitza hau ez da orekatua eta galtzailerik izan badu, baserriak galdu duela esan daiteke zalantza izpirik gabe.

Hirurogeigarren hamarkadatik aurrera jaio garenontzat baserri mundua lainotsu eta ilun azaldu zaigu. Ardiak, behiak, porruak, lekak, txakurrak eta atari goxoak ezagutzen ditugu, baina baserritarren bizimoldea, baserriaren unibertsoa, guztiz ezezaguna egiten zaigu, puzlearen atalen bat faltan izango bagenu legez.

Urtarrileko datozen hiru asteetan burutuko diren erakusketa eta jardunaldietan oso era sinplean baserriaren lehena eta orainaren berri eman nahiko genuke, guk bezala beste norbaitek ere puzlea osatu dezan; eta puzlea aspaldi egina dutenentzat honen edertasuna gogora dezaten.

Ibon Rokandio
Laukuan, Eibarko Natura eta Etnografia Taldea.
Eibarren, 1997ko abenduan.




Gai eta proiektu honekin zerikusia duten beste atal batzuk, web gune honetan bertan:




Edukien gaineko eskubideak
Castellano Euskaraz