| |
 |
|
(738 Kb) (Klikatu bideoa ikusteko)
"Dinbili danba, su eta keian tartian. Eibar 1346-1996", Portaleko Erakusketa Aretoa, 1996ko abenduaren 10etik 28ra
Eibar bat ezagutzen dugu, gerrako hautsetatik sortua, mende erdi baino ez duena. Geografia berri bat asmatu zen bere erdialde estuari hiri kutsua eman nahian. Hazi eta aldapak igo zituen aberastasun distiragarrizko hamarraldi bi haietan. Gero, geratu egin zen. Horixe da gaur ikusten duguna.
Beste Eibar bat ere badago, askoz antzinagokoa. Orain dela 650 urte jaio zena. Esparru txiki bat, kale aldapatsuak eta etxe apalak. Mendeak joan mendeak etorri, handitzen joan zen ola zaharretako su eta kearen artean. Eliza berri bati lekua egin zion. Kontseju-etxeak, trenbidea, azoka... tailerrak eta fabrikak. Eibar zahar hark oraingoak hartzen duen leku berbera hartzen zuen. Baina osorik ikus dezaketen bakarrak herria suntsitu baino lehen bertan bizi ziren haiek dira.
Inoiz suertatzen da Eibar biak leku berean tokatzea. Orduantxe azaltzen da Eibar zahar hura. Herriaren zati zahartxo batzuk, antzinako argazkiak eta oroimenak... batik bat, oroimenak. Horrelakoetan, gurasoak eta aiton-amonak izaten dira Eibar hura nolakoa zen kontatzen dutenak. Seme-alabek eta bilobek, ostera, ez dute asmatzen.
Beste Eibar asko eta asko ere badago urrutitik etorri ziren eibartarren umetako edo gaztetako oroimenean, urrunekoak, mitikoak, bestelangoak.
Erakusketa honek denona izan gura du. Oroimenen arteko pasiada, ezezaguna zaigun iraganaldiaren ikustaldia edo irudimenerako aproba. Gaurko Eibar honen irudia behin eta berriz, adorez, anbizioz eta irudimen handiz, garai bakoitzak ekartzen zion erronkari aurre egiten jakin izan zuen lehenagoko Eibar harekin elkartzeko aukera.
Eduardo Artamendi, Donostiako Arkitektura Eskolako Zuzendaria (UPV-EHU)

|
 |