(715Kb) (Klikatu bideoa ikusteko)
Erakusketa honek (2000. urtekoa) helburu bi izan zituen: batetik, Eibarko armagintzaren garapenaren eta bilakaeraren berri ematea, batik bat garairik oparoenarena, XIX. eta XX mendeetakoa; bestetik, Eibarko tailerretan egin diren armekin herriaren izena munduan zehar zabaldu duten gizon eta emakume guztiak gogoan edukitzea, haien ahalegina, kemena eta beharra goraipatzea.
Erakusketa sei zatitan banatu zen, armagintza ardatz hartuta, Eibarko historia, eibartarren beharra eta herriko eguneroko bizimodua azaldu nahian.

Euskal Herrian, historiak berak dioskunez, burdinaren ohiko industriak produkzio aldetik izan duen hedadurarik handiena suzko armak egitean eskuratu izan du. Deba arroak, ofizio zahar horretan, beti erakutsi du bere kemena eta indarra. Soraluzen, 1568 eta 1865 urteen artean, Gipuzkoako eta Bizkaiko Erret Arma Fabrikaren egoitza egon zen, armagintzaren eskualdea osatzen zuten herrietan sakabanatuta zeuden gremio guztiak biltzen zituena. XIX. mendetik aurrera, Eibar, antzinako ofizio horren industriaratzearen ikur bilakatu zen; sasoi hartan herri arma-egile handiena izan zen estatu osoan.
Begirada bat atzera botaz gero, herriaren historia zeharo lotuta dago bertako armagintzaren garapenarekin. Eskuzko armen mekanismoek eta tiroak jaurtitzeko moduek izan duten bilakaera dugu historiaren berriemaile.
Tailerrak
Gure tailerrak dira industria horren sustrai. Tailer bat ipini dugu ikusgai, arma-klase bakoitza egiteko egin behar den beharra erakusteko asmoz. Jarduera honen barruan ezin da ukatu armagintzaren inguruan gorpuztu ziren arteen garrantzia: grabatugintzak eta damaskinatugintzak hortxe dute beraien lekua; egurrean egindako beharrak ahazteke (kulata-pikatzaileak)
Armak probatzen
Armak probatzea derrigorrezkoa izaten da saltzen jarri aurretik. Arma probatu egiten da erabiltzerakoan seguritate osoa duela egiaztatzeko. Eibarko Arma Probatoki Ofiziala bakarra da Espainia osoan (1919-12-6ko E.A.): Eibarko armaginek ondo egindako beharraren seinale.
Merkatua
Eibarko armek Espainiako merkatua eta munduko beste herri asko eta askotakoa eskuratu dute. Eibarko tailerretatik ateratzen diren armetan normala izaten da Eibar-Spain marka ikustea. Merkatuak bere legeak izaten ditu; sarri askotan arazoak eta istiluak sortzen dituena (merkatu batzuen itxierak, arielak, politikaren eta gizartearen gora beherak...). Eibarko armaginek, historian zehar, askotan egin behar izan diote aurre prolema horri.
Armeria Eskola
Izena eta izana batuta dituen eskola. 1913. urtean, hasi zenean, ofizioa ikasteko ez zegoen beste inon horrelako ikastetxe modernorik: teknikarik berrienak, ofizioaren gauzarik aurreratuenak hantxe erakusten ziren. 1914ko ekainaren 24an, Armeria Eskola eta Eibarko Arma Museoa inaguratu ziren. Museo hori erabili dugu aitzakia modura gure erakusketa hau antolatzeko.
Armian animia...
...eta beharginena... Horixe da erakusketaren benetako arima, izena eman diona. Berba- jokoak aukera ezin ederragoa ematen digu kanoi-barruko zuloari Eibarren deitzen zaion animia izen esanguratsu horrekin, armaginaren, beharginaren animia hementxe dagoela esateko: erakusketaren usainean eta bertan azaldu nahi izan dugun giroan. Lorpenak eta zailtasunak, pozak eta tristurak, gauza berriak asmatzeko abilezia..., belaunaldiz belaunaldi, gizaldiz gizaldi, izateko modu horrek erakutsi du armagintzatik bizi izan den herria honen anima.
|