Eibar kultura ondarea historia  > Ego Ibarra Batzordea  > Eibarko Udalaren Argitalpenak  > Online dauden argitalpenak  > Gregorio Santa Cruz  > Sarrerak eta Hitzaurrea






Sarrerak eta Hitzaurrea
   

Egilearen sarrera

Ego Ibarra Batzordearen gonbidapenari erantzunez eta Kezka Dantza Taldeko dantzari naizen aldetik heldu nion honako lantxo honi. Gregorio Santa Cruzek sinatutako bi koadernotxo izan nituen abiatzean lagun eta egia esan gutxi espero nuen paper haien atzean topatu dudana.

Gregorio Santa Cruzek bizitza osoan zehar euskal dantzaren alde egindako lan eskergak izutu nau. Bere idatzi eta berari buruzkoekin Santa Cruz pertsonarengana hurbiltzen saiatu naiz. Ez nuen Santa Cruz ezagutu, baina, hunkitu egin nau ezagutu zutenekin izandako elkarrizketetan gizon horrekiko erakutsi didaten miresmena eta eskerronak.

Ezer baino lehen dantzaria naiz, eta dantzak hartzen dizkit nire aisialdiko ordu gehienak. Egunerokoak eta dantzak bilduta, aukera gutxi ematen dute beste ezertarako eta ondorioz, honelako lanak gehien maite dituguneri lapurtutako denboran egiten ditugu. Beraientzat da nire eskerrik beroena.

Lana nire izenaz sinatuta badator ere, lantaldean ihardun dudan sentipen garbia dut. Lantalde zabalean gainera eta inoiz ez naiz bakarrik sentitu. Gregorio Santa Cruzen izena entzun orduko beraien etxeetako ateak zabal zabalik jarri dizkidaten elkarrizketatu guztiekin zorretan gelditu naiz: Gloria Agirreurreta, Mariasun Agirre, Maria Aranbarri, David Arriola, Patxi Basauri, Patxi Beitia, Joakin Gastesi, Jaione Iraeta, Jose Mari Iriondo, Poli Larrinaga, Jose Luis Perez Sarasketa, Elisabeth Santa Cruz, Gregorio Vives eta Agustin Zubikarai.

Hizkuntza orrazketa eta aholkuak eskaini dizkidate Juan Andres Argoitia, Begoña Azpiri eta Enrike Izagirrek; informazioa eta informatzaileak topatzeko orduan laguntzaile izan ditut Joseba Etxeberria, Yolanda Ruiz, Arantza Uriguen eta Iñaki Zugasti; eta hamaika transkripzio, zuzenketa eta ezkutuko lan astun egin ditu Ainhoa Larrañagak.

Oier Araolaza Arrieta

Kezka dantza taldearen sarrera

Folklorea eta Dantza Tradizionala lantresna ditugunok maiz begiratzen dugu iraganera. Joandako historian aurkitu nahi izaten ditugu etorkizuna eraikitzeko gaiak. Dantza gure gorputzaren bizi-gogoa kanporatzeko darabilgun modua da, atsegin fisikoa eskaintzen digu eta burmuinei arnasa ematen die. Dantza Tradizionalak komunitateko partaide garela sentiarazten digu. Gure aurretik izandako belaunaldiek dantza egiteko zuten modua jaso dugu, eta horrek, gure guraso, aiton-amona eta birraiton-amonekin identifikatu eta eurengana hurbiltzen gaitu. Garenak gara gure aurrekoak izan direlako eta etorkizunari begiratzen diogulako.

Urteak konbentziozko neurri eta zenbakiak badira ere, gaurdaino iritsi zaigun ondareak egin duen ibilbide luzea antzemateko perspektiba eskaintzen digute.

  1. urte dira Gregorio Santa Cruz dantza maisua jaio zela. Ospatzeko data dugu, ez baita makala Ondarroan jaio eta Eibarren bizi izan zen gizon honek euskal dantzaren alde egin zuen lana. Deba bailara osoan bildu daitezke dantzariok Santa Cruzekin dugun zorraren testigantzak.
  2. urte dira laster eibartar mendizale eta kirolari talde batek Eibarko Klub Deportiboa sortu zuela. Sortzaile talde hartako partaide zen Gregorio Santa Cruz, mendizale gogotsua eta lanerako tenorean zegoena beti. Deportiboko presidentea izan zen birritan Santa Cruz.
  3. urte dira Gregorio Santa Cruzek Eibarko Klub Deportiboan dantza taldea sortzeko lehenengo urratsak eman zituenetik. 40 urte horietan Kezka Dantza Taldearen bidez ehundaka eibartarrek izan dute euskal dantzaren berri.

Honako argitalpen honen helburua Gregorio Santa Cruz nor izan zen gogoan izateko tresna bat prestatzea da. Baina horrez gainera, uste dugu badela Santa Cruz maisua zoriontsuago egingo zuen beste zerbait. Euskal dantza tradizionalaren soka etenik gabe dantzatzen jarraitu eta belaunaldi berriei aurrekoengandik ikasitakoa irakatsi. Santa Cruzen ibilbidearen argiak erakutsiko digu bidea.

Kezka Dantza Taldea - Eibarko Klub Deportiboa

Hitzaurrea - Juan San Martin

Edozein herritan, bertako etnia ezagutzeko, garrantzi handia dute dantzak. Hauen ederra, dantzari bakoitzaren mugimenduetan eta talde multzoaren koreografian datza. Herri baten dantza eren ugaritasuna bera ere aberasgarritzat jotzen da. Dantzak, musika, musikagailu, jantzi, ospakuntza, kanta eta abarrek, beren ingurua dute. Beraz, dantzaren balioa ez da dantza soiletik bakarrik begiratzekoa, inguru bat osagarri duenezkero. Gainera, dantzak heurak ere, erlijio ospaketaz, ohorezko erreberentziaz, herri jaietan, ezkontzetan, ihauterietan... seriozki edo alaitasunez, gizonak lanez kanporako jolasetan beharrezko ditu bizitza beraren lagungarri.

Dantzen aldetik ospe handia du Euskal Herriak. Baina, horrez gainera, herbeste eta etxean bertan, ustez hain zabaldua izan den euskal literaturarik eza bera gezurtatzen du dantzak. Ez zenbait dantza kantatuak direlako, ez; baizik, Iztuetak gai hontaz utzi zizkigun bi liburuegatik areago. Folkloreak oraindik izen hau hartzeke zuela, dantza bilketan oraindik kasik inor aritu ez zen garaian, gure Iztuetak bi liburu idatzi zizkigun: Gipuzkoako dantza gogoangarrien kondaira (1824) eta Gipuzkoako soiñu zahar eta hitz-neurtu (1826) deritzanak. Horietatik ikus dezakegu, dantzak, kantekin batean, gure doinu zaharren eusle izan direla eta, horri esker, Euskal Herriaren musika jatorra inork ez du ukatzen.

Era hortara azalduz hasi nuen J. A. Urbeltzen Dantzak (1978) liburuaren aurkezpenez Donostiako Hoja del Lunes hartan 1978ko uztailaren 17an idatzi nuen artikulu hura, gero Bidez (1981) liburuaren 56-61garren orrialdeetan bildurik argitara eman nuena. Baina, liburu hortan, Arrateko zelaian XVIII. mendean agertzen den esku-dantzaren grabadu irudiarekin eman nuen. Kalkografiazko grabadu hori Donostiako San Telmo Museoan dago nornahik ikusteko eran, baina ordurarte guti batzuk baizik ez ziren hortaz ohartzen.

Etnografia lanetan, dantzen bilketan baino gehiago arduratu izan naiz ohitura eta kantak jasotzen. Ezin ba gai guzietaz arduratu. Eta berebiziko poza hartu dut Oier Araolazak bere Eibarko dantzen bilketazko lan honentzat hitzaurrea eskatu didanean. Ordua zen norbait hortaz arduratzea, zeren idatzia betiko idatziz gelditzen bai da eta hitzak haizeak daramazki. Gainera, era hortako bilketa, nork hobeto bera dantzari den batek baino ?

Iztuetak dantza askoren xehetasunak eman zituen, baina Eibar eta inguruko herrietakoenik ez ordea. Horregatik ahalegindu nintzen gure herrian ere aspalditik ezagutu zirenen berri ematen, baina berri soilak baizik ez. Ikus, Eibar, 1974. Fiestas de San Juan jaietako programan, 1605, 1708 eta 1744. urteetako dantzen aipamenak egin nituen, Gregorio Mujikaren Monografía Histórica de la Villa de Eibar (1910) liburutik jasotakoaren arabera. Gero, Eibar, 1977. Fiestas de San Juan jaietako programan berriz erabili nuen gai hori, zerbait luzeago. Baina, egia esan, horrez gainera besterik ezer ere ez.

Mutikotatik gogozko nituen San Juan eta San Pedro jaietan Eibarren folklore inguruan egiten ziren jolasak, heuren artean dantzak eta Untzagako plazan aurrezkulari txapelketa, baina bereziki Urkuzuko plazan bertsolariak.

Gehienok udalaren ardurapean Batzokikoek antolatuak izaten ziren. Antolatzaleen ardura Gaztelu zenaren esku zela. Aurrezku txapelketan, nik ezagutu nituenen artean hoberenetakoa zen Fausto Sanz, antolatzaileetariko Gregorio Santa Kruzen eskon-anaia zen.

Baina, lehenagotik, dantza taldeak Don Poli Larrañaga apezaren zuzendaritzapean eratzen ziren. Aurkezten zituen poxpoliñen arku-dantza, sagar-dantza eta gorulari edo iruleak. Indaleki Ojangurenek 1922. urtean Bilbao-Gráfico (año II, núm. 41) aldizkarian argitaratu zituenen artean dator horren lekuko polit bat, Eibarko zezen-plazan, Don Pili zuzendari, 60 neskak osatutako dantzari taldea sagar-dantzan dela.

Gerra ostean, San Pedro-Atxerre gailurretik jaistean, Ibarrangeluako Akorda auzoan apaiz gazte baten zuzendaritzapean ikusi nituen iruleak, langintza dantza hori jolas bihurtuz, eta ohartu nintzen zortzikoaren neurrian lehen bertsoan honako hau kantatzen zutela:

        Kantatu dagiguzan 
        Linuaren penak 
        Ezpata honeen hotsian 
        Izanik latzenak; 
        Alkar ondo hartuta, 
        Soñuba neurturik, 
        Gorputzeko nekia 
        Izteko arindurik. 

Bertsoen tartekan beste honako euskaritxo hau:

        Gara neskatillak, 
        Euskaldun ez illak, 
        Ez da iñor lurrian 
        Gure bihar ezdanik; 
        Ez atso, ez agura 
        Alkandora barik. 

Alajaina ! Hori bedori ez eto zen Don Poliren poxpoliñak kantatzen zutena ? Baietz uste dut, baina ezin nezake ziurtatu. Gerora, euskarazko liburu irakurketetan ohartua nintzen "Liñuaren penak" Eibarren 1745ean jaio zen Juan Antonio Mogelen Peru Abarka liburuan zetoztela, euskaritxoaz gainera, guziz hemeretzi bertsok osatua. Hortik, nire buruan zein gogoan, Eibarrera lotzekoa iruditu zitzaidan, naiz eta Mogelen gurasoak markinarrak izan eta bera ere han hil 1804.urtean.

Gaur egun, zorionez, langintza dantza bihurtu zen hortaz badugu saiaera bikain bat, Julian Alustiza "Aztiri"ren Lihoaren penak eta nekeak (1981) deritzana. Bertatik ikus norainoko loturak izaten dituzten jatorrizko lanak, ohiturak, kantak, doinuak, dantzak, herri baten kultura bideetan.

Gure herriko dantzak inork ez zituen zehazki idatzi eta aipamen soilak gelditzen zaizkigu. Orain, Oier Araolazari esker, gure garaikoen berriak jaso dira eta aurrerantzean hobeto ezagutzeko jarraipena izango dutela uste dut. Bere lanak, hobeto esan, berak bizi izan duena hor dugu lekuko eta on zaigu, bereziki Gregorio Santa Kruz zenagandik iritsi zaizkigunak.

Gerra ostean, hasteko, Gregorio Santa Kruzen aukera bakarra Educación y Descanso izan zen. Baina, denboraz, Club Deportivo-an Artistico Cultural saila sortzean eskaini zitzaion bertan lan egiteko aukera eta 1958ko apirilaren 13an agertu zen lehen aldiz Arraten, mendizaleei dominak jartze egunean. Benetan harrera ona izan zuen. Ikus Club Deportivo Eibar boletinean (Junio, 1958) 15-16. orrialdeetan.

Hortarako esan beharrezkoa iruditzen zait Gregorio Santa Kruz ez zela elkarte horretan pertsonaia berria, ez horixe. Kontuan izan C. D. Eibar elkartearen sortzaileetarikoa genuela, mendizale oso ezaguna, 1925-1926. urteetan elkarteko presidente izana eta 1927. urtean lehenengo aldiz 100 mendi desberdin igotzearen domina jaso zuenetako bat hain zuzen. Nik pertsonalki berakin izan nituen harremanak, mendiko ibilera haietan izan ziren. Gizon atsegina eta lagun ona genduen. Autobusez antolatzen genituen eskursioetara maiz etortzen zen bere emaztearekin edo bere bi alabetariko batekin.

Lehengo oin-jokoez baliaturik dantza berriak sortu zituen, besteak beste, Egoarbitza-dantza zeritzana. Baina baita beste toki batzuetakoak ikusi, ikasi eta irakatsi.

Orain, Oier Araolazaren idazlan honi esker, ohorea merezi duenaren oroitzapenez, bere ekintzen eragina ere hor agertzen zaigu, esaldi zaharrak dioen bezala: sortuko dira berriak, gu gara Euskal Herriak.

Juan San Martin



Edukien gaineko eskubideak
Castellano Euskaraz